Errusiako zeruak
Damutzeko astirik uzten ez duten pauso horietako bat ematea erabaki zuen Aminatek abuztuaren azken egunetan. Konturatu orduko, ezbeharra hedatuegia egongo zen eta bera ez zen gauza izango egindakoaz jabetzeko, gertakariaren hasiera edo bukaera azken unean aldatu ahal izateko, ordurako dena galduta egongo baitzen, bizi izandako urte urri haietan erdikusi zituen itxaropen guztiak bezala. Bizkortasun hark adorea emango zion erabakiari irmo eusteko, bidegurutzean aurki zitzakeen norabideen artean beti aukera bera egiteko, zalantzatan denborarik galdu gabe.
Hilabete batzuk lehenago, artean ere Vladikavkaz eta Bakuko azoketara joaten zen Aminat, gero zentroko merkatuan salduko zituen arropak eta izarak prezio hobean erosteko. Handik itzuli eta amaren etxera bihurtzen zen, eguneroko bizitzara. Han amaren ondoan gelditzen zen arratsaldero, hura lokartzen zen arte. Ezagunek kontatu dutenez, herriko eskolan haurrei laguntzen zien pozik horretarako denbora zeukanean. Ez zuen askoz gehiago egiten: eskolatik azokara eta azokatik etxerako bidean ematen zituen bere gaztaroko ordu gehienak. Erabat suntsitutako hiritik ateratzen zen bakoitzean, arnasa hartzen laguntzen zion mendien ikuspegia bereganatzen zuen. Haize boladek, halakoetan, etorkizunaren hots xuxurlatuak ekartzen zizkiotela iruditzen zitzaion, baina Aminatek ez zien kasu handirik egiten. Bazekien hondamenean etorkizunik ez zegoela, egunen batean eta berandutu gabe, gainera, dagoeneko gehiegi luzatzen ari zen orainari ezin gaindituzko hesia jarri beharko zitzaiola, edozein motako jarraipenak era horretan betiko oztopatuz.
Gehien maite zuen anaia duela lau bat urte eraman zuten herritik. Harrezkero ez zuen haren berririk izan. Etxetik erauzi eta berehala desagertarazi zuten federalek (horrela deitzen diete armada errusiarraren soldaduei). Hura berriro ikusteko esperantza agortuz joan zitzaion pixkanaka, amaren hasierako malkoak isiltasunean lehortzen zihoazen bitartean. Federalen koartela etxetik oso gertu zegoen, agian gertuegi. Ezagunek kontatu dutenez, Aminat ia ziur zen anaia eraman zutenak hango hiru soldadu zirela, behin baino gehiagotan ikusi baitzituen etxearen inguruan, zelatan. Baina inoren laguntzarik jasotzea ezinezkoa zela uste zuen. Bere eta auzoko guztien susmoak ez zuen inongo baliorik auzitegirik ezagutzen ez zuen mundu batean. Beste zerbaiten hazia eta itzala ari zen zabaltzen etenik gabe bere baitan.
Maiz iraganeko irudi lausotuak pilatzen zitzaizkion buruan. Haurtzaroan anaiarekin batera jolasten zirenekoak azken urteetakoekin nahasten ziren Bakutik bueltan ekartzen zuen trenaren kristaletan. Auzoko lagunekin sekula ez zuen hitz egiten galera hartaz, barruko egoneza ez azaleratzeko modu egoki bat bailitzan. Baina eskolan, maistrari laguntzen zionean, mutiko bat baino gehiagoren begietan anaiarenak ikusten zituen, oraindik hor nonbait, ez oso urrun, bere esperoan baleude bezala.
Abuztuaren 24an ere begi horiek ikusi zituen une batez bere ekipajea miatzen ari zen polizia gaztearen aurpegian. Aireportuko atarian zegoen eta bere bihotz taupada ohi baino geldoagoek ez zuten inongo urduritasunik kanporatzen utzi. Izan ere, ez zuen bere burua urduriegi sentitzen. Arropaz betetako boltsa itzuli ziotenean, bainugelerako bidea hartu zuen ikasi berria zuena burutzeko. Lehergailua gerrira lotu eta azken kontrolaren aurrean eratutako jende-ilara aldera joan zen zuzenean, kementsu. Kontrola pasatu ondoren, bazekien atzera egiterik ez zegoela.
Zeruratu eta gero minutu gutxien buruan egin zuen eztanda abioiak. Tulako lautadetan isiltasun izoztu bat zabaldu zen berehala, hondakin sakabanatuen gainetik. Anaiaren mundu isilean barneratu berria zen Aminat gaztea, berarekin zihoazen eta ezer ere ez zekiten beste berrogeitalau gizakiekin batera.
Hurrengo ordu eta egunetan hegazkin konpainiak hildakoen senideen deiak jaso zituen minutuero. Aminat Nagaevari buruz ez zuen inork galdetu.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.