Gaztaina ximelak jatera
Eta orduan apezpikuak hitz egin zuen. Garbi, luze eta lau haizetara, guztiok ulertzeko eran. Goiko eta beheko justiziaren izenean aldi berean ari balitz bezala. Zergatik? Bihotz handia duelako, dena besarkatzeko modukoa: ura eta ardoa, esaterako, edo eguzkia eta ekaitza, eskaleak eta jende aberatsa, Afrikako beltzak eta hango krokodiloak. Edozeini eskaini behar baitzaio laguntza, espirituala edo dena delakoa: hildakoei eta hiltzaileei era batera, esaterako. Betekizun ekumenikoa. Edo ex abundantia cordis os loquitur, agian.
Eguberriek alde gaizto hori daukate, besteak beste: sentimentalegiak jartzen garela. Eta gureak direnak (lagun zein etsai) gogoratzeko tenore ezin hobea aurkitzen dugula, sentipenei amore emanez. Hortik datozkigu kartzelan daudenen oroitzapena pizteko gogoak edo "hator, hator, mutil, etxera" beste batzuen ordez kantatzeko ezin baztertuzko grina, aurrean mikrofonoa badugu ere. Presondegiko hotzaren ondoan etxeko eta senitartearen epela erakargarriegia baita guztiontzat, Donostiako apezpikua barne.
Gabon gauan arrazoiek pisu urria dute. Bost axola nola bukatu den urtea, zer gertatu den azken asteotan. Eta batez ere: zergatik dagoen etxera etorri ezin den mutila dagoen tokian, hau da kartzelan. Gabonetako sentimenduak txikikeria horiek gainditzeko gai dira. Justizia eskuzabalaren izenean ari zenez, apezpikuak, dena den, gauza xume bat izan zezakeen buruan: eguberrietan egun batzuez etxeratzeko baimena besterik ez. Concedamus. Baina, hala izanda ere, hautatutako multzoaren murriztapena kezkagarria da oso: erreferentzia arras argia zen, apezpikuak terrorismoaren atzaparretan eroritako biktimak gogorarazi zituen, segidan preso dagoen mutilaz eta haren senideez hitz egiteko. Esan nahi da: ezaugarri jakin batzuk dituen preso mota batez ari zen, ez oro har. Banku batean lapurtu duena, neskak bortxatzen ibili dena edo emaztea hil duena ez zaizkio interesatzen. Horiei ez zaie gaztaina ximelak jatera deitzen. Betebehar ekumenikoak halako mugak ditu, gurean behintzat.
Izan ere, presoen artean omen dauden hierarkiak errespetatu beharrekoak dira: aberriaren alde borrokatu duenari, bidean hildakoak, zaurituak, alargunak eta umezurtzak utzi baldin baditu ere, bestelako tratamendua zor zaio. Akaso nahastu egin zen mutila, Aitaren xendratik une batez aldendu eta ez zuen bide egokia aukeratu, helburuak bidezkoak ziren arren (hemen zalantzarik ez). Hanka sartzea, modu odoltsuan bada ere, edonoren eskubidea da, pentsatuko du elizgizon zintzoak. Eta hori, nolabait eta noizbait, barkamena duen hutsa izan daiteke. Ados: barkamena, beste kontu zerutiarren antzera, han goian kudeatu eta administratzen bada. Baina hemen, munduan, eta bizirik diraugun artean, hurkoari bizitza kentzeak zigorra dakar, krimena baita, direlakoak direla etxera joan ezin den mutila hura egitera bultzatu duten arrazoiak (zoritxarrez, zigorra da biktimek izan dezaketen justizia mota bakarretarikoa). Eta zeruko balizko errukitasuna, gehi sentimenduak, Gabonetakoak edo noiznahikoak, ezin dira etorri gardena den egoera bat nahita nahaspilatzera. Non in commotione, non in commotione Dominus.
Errukia edo tristura sentiarazten diguten arrazoiak nahiz sentipenak aukeratzeko orduan libre gara guztiok. Eta susmoa daukat auzi defendagaitzen alde ere ezin konta ahala arrazoi bila daitezkeela, hortara jarriz gero. Baina ondoren ez gaitezen damutu arrazoi horiek gure ordez (eta batzuetan kontra ere) hitz egiten badute. Urte berrian ite in pace, benetan zaila bada ere.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.