Itxuraldaketa
Trenean esertzeko unean ere bazekien herrira itzultzea ez zela berak benetan desiratzen zuena. Agian urte gehiegi izan ziren atzerrian igarotakoak eta dagoeneko erdi ahazturik zuen bizimodu eta girora bueltatzeak urduri samar jartzen zuen. Ezin zezakeen esan beldurrik ematen zionik, baina bai egundoko kezkak sortzen zizkiola.
Baina gerturatzen ari zen trenaren hotsa entzun zuenean, jada ez zegoela atzera egiterik ulertu zuen. Europako iparraldean emandako urteak amaitutzat hartu behar zituen, bere ibilbide berri hura, etxerako bidean jarriko zuena, onartzeaz bat. Aukera irekien mundua berarentzat agortuta zegoela otu zitzaion, beste edonon, eta batez ere bere herrian, aukera horiek ez zituela berriz ere eskura edukiko pentsatzen baitzuen. Helga-rekin haserretu izan ez balitz, agian orain ez litzateke tren horren barruan egongo, baina gauzak ziren moduan ametitu behar zituen, bere gustukoak ez baziren ere.
Koloniako geltokia atzean utzi eta gero, kafetegira joan zen, bidaia luze hartan ez baitzuen bere tokian eserita denbora gehiegi jasango. Pare bat garagardo edan zituen, leihotik bizkorregi aldatzen ari zen paisaiara so, eta ohartu zenerako, Belgikako muino berde ilunak ikusten ari zen, etxeko inguruak gogora ekarri zizkiotenak. Artean ere ordu dezente pasa beharko ziren herrira iritsi aurretik, baina dagoeneko gutxiegi geratzen zitzaiola sumatzen hasia zen.
Parisen geltokiz aldatu behar izan zuen eta horretarako ez zuen denbora askorik izan. Frantzia ziztu bizian zeharkatu zuten, edo halaxe behintzat iruditu zitzaion esnatu zenean, Bordelerako ehun bat kilometro besterik falta ez zirenean. Beste garagardo pare bat beharko zituen geratzen zitzaion bidaia-zatia ahalik eta lasaien gainditzeko.
Herriko geltokian gurasoak zeuden bere zain. Hiru urte haietan gehiegi zahartu izan balira bezala ikusi zituen eta sentipen desatsegin hark herrian izango zuen bizitza iragartzen ziola pentsatu zuen. Amak malkoren bat isuri zuen semea besarkatzerakoan. Etxera joan ziren ia hitzik esan gabe. Anaia udaletxean zegoen, bere alderdiko bilera batean. Bazekien, Europako iparraldera ere berriak iristen zitzaizkiolako, azken hauteskundeetan ere anaiaren alderdikoek irabazi zutela. Arrebak, jakina, atzerrian segitzen zuen, Ameriketan, bospasei urtetan herrira itzultzeko itxaropenik gabe.
Bazkal ostean, herriko kaletatik paseatzera atera zen. Ordu haietan oso jende gutxi zebilen kalean; hala ere, bere neskalaguna izandakoaren ahizparekin topo egin zuen. Agurtu bezain laster, handik ahalik eta lasterren alde egin zezala, bere ahizpak egin zuen bezala, aholkatu zion eta segituan bere etxean sartu zen. Berriz ere bakarrik geratu ondoren herriko plaza aldera jo zuen. Betikoen kartelak ikusi zituen, orain agian lehen baino ugariagoak zirenak, eta nerabezaroko itogarritasun hura berreskuratu zuen bat-batean. Anaia bere taldekideekin herriko tabernatik irteten ikusi zuenean, zutabe baten atzean ezkutatu zen.
Herrian pasa beharreko bigarren gauean, eta esperientziak emandako heldutasuna galdu izan balu bezala, handik ihes egiteko desira ikaragarria sentitu zuen. Desagertu nahi zuen, txiki bihurtu, inork ere ikus ez zezan, eta umeetako garaiaz oroituz, mahai azpian sartu zen, belaunak besarkatuta, eta hantxe igaro zuen gau osoa. Hurrengo goizean, bere gelatik semea irteten ez zela konturatu zenean, ama joan zitzaion. Kanpotik deitu zion eta ea gosaltzera joan behar al zuen ala ez galdetu. Barrutik erantzunik jasotzen ez zuenez gelara sartu zen. Baina ez zuen bere semea aurkitu. Ohea desegin gabe zegoen, bere semeak han lo egin izan ez bailuen. Mahai gainean irekita zegoen liburu bat ikusi zuen, eta une hartantxe ohartu zen ama gaixoa mahai azpitik labezomorro beltz batek begiratzen ziola, izuturik. Berehala senarra heldu zen gelara, andrearen oihuek erakarrita. Egoeraz jabetu zenean, ez zuen zalantzarik izan bere oina zomorro higuingarri haren gainean jarri aurretik. Ez batak ez besteak ez zekiten nor izan zen Gregor Samsa.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.