Izaera eta traizioaren ingurukoak
Hiru egileren lanak subjektuaren desagerpenaren aurrean nor garen adieraztera datoz
Durango omen zen gure literaturaren erakustoki nagusia. Baina argitalpena eta industria geroago eta hurbilago diren honetan, euskal argitalpen industrian momentu bi dira orain nagusiak; Durango, eta -ez dakit nola deitu- apirilean hasi eta maiatza arte luzatzen den Liburu Eguna, ziurrenik gainetik kendu ezin dugun 'eragin inperialista' batek behartua. Bada apirilaren eta maiatzaren epe labur honetan, bada, gauza asko argitaratu dira gure euskal mundutxoan.
Xabier Mendiguren Elizegik Errautsen distira ipuin liburua argitaratu digu. Ez dakit zergatik, baina izenak El esplendor de las cenizas hura ekarri dit gogora. Gerra Zibilaren inguruan moldatua, lau ipuin luzek osatzen dute liburua. Ikerketaren inguruan osatuak dira ipuinok, eta zein baino zein interesgarriagoa.
Lau ipuin, lau sinbolo: miliziano galdua, abade maltzurra, PNVko gezurtia, eta bere izaera -bere aita- zein den jakin ez dakien euskaldunaren bizitza. Irakurketa alegorikorako aukera handia ematen du Xabier Mendigurenen liburuak.
Ikerketaren klabean idatzita daude ipuin bat baino gehiago. Ikerlari eta kazetari batek zerbait jakin nahi du eta haren peskizan hasten da. Beraz, nobela poliziakoaren giltzak aipagarriak izango dira.
Pena baina, narrazio aldetik batzuk ahultxo agertzea. Lehen ipuinak, adibidez eta beti nire ustez, interesa galtzen du, protagonistak helburu bi dituelako eta tragediarena -zer geratu zen jakitea- galdu egiten delako, lige kapritxoso baten uhinetan.
Emigrazioa hizpide
Pablo Sastrek emigrazioaren gaia hartu du kontakizun, bere Leuropa nobelan. Idazleak aitortzen du Lamerica filmeak eragin handia izan duela nobela sortzeko orduan.
Emigrazioaren nobelaren lehen zantzuak ditugula esan dezakegu. Hemen dugu jada, magrebiar etorkin baten semea nobela bateko protagonista. Baina euskal herri honetan bere burua gustura aurkitzen ez duena, pertsona bat baino gehiago 'pertsonaje bat banintz bezala' sentitzen duena bere burua.
Nobelan, hizkera miresten dut, orijinala agertzeko modua, eta diskurtso baten eraketa da hasieratik nobela, hizkera baten eta kontzientzia baten jarioa. Agian errekurtso nagusi gisa ongi dago, baina nekosoa gertatzen dela ere esan behar nuke. Azkenean bere erroak izango direnen bila ari den pertsonaiaren bidaia da hau. Arrotza Euskal Herrian, Marokoko marjinalitatean aurkituko du bere nortasuna, lagunen artean. Eta ez dakit bukaera hori sinesagrria den, ideologia aldetik zentzuzkoa izan arren.
Zenbait zertzelada berri aurkezten duen hizkera miresten dut, ahoskera eta ahozkotasun bizi eta malgua da hau.
Eta zer esan Lutxo Egiari buruz, eta informazioari buruzko bere hausnarketari buruz? Londres eta Euskal Herria biltzen dira gerra aurreko kazetari baten bila ari den Galder protagonistaren munduan,Susak argitaratutako Paperezko hegazkinak eleberrian. Mundu bi aurrez aurre, kazetaritza egiteko molde bi aurrez aurre. Eta atzean traidorearen itxura, aitorpena egiten, azken sinadura barrokoak -eta sinesgarritasuna hausten duena- aitortzen duenez.
Moldaketa lan oso interesgarria egin du Egiak, agian kontrajarpenak agintzen duena. Batean eta bestean mundu bi, eta Londreseko gaurko ingurunean oroimenak sortzen du, etengabe, Gernikako bonbaketaren itxura. Oroimena plater hautsia dela esan zuen Saizarbitoriak. Nobela hau hausturen moldapena eskaintzeko sortua da.
Narratibak, eta bereziki nobelak, indar handia du inguruan gertatzen dena fikziora igarotzeko. Gaur hemen hizpide ditugun hiru lanetan bada hari mehe bat hirurak bilduz eta lotuz. Lutxo Egiak traizioa (agian hitz potoloegia) dela bere nobelaren azpian adierazten du, Xabier Mendigurenen ipuinetan ere traizioa hor nonbait dabil, han-hemenka, batzuetan garbiago, besteetan ezkutuago. Traizioa eta bestearen onarpenaren arazoa txanpon bateko alderdi biak dira. Eta hor agertzen da Pablo Sastreren nobela: izaerari traizioa egin edo identitatea mantendu dabilen pertsonaiak osatzen duen bidean.
Traidore batena omen da Lutxo Egiaren nobelan agertzen den ahotsa. Javi Cillerok argitasun handiz esango lukeen moduan kontatu beharrak galtzen gaitu, eta ez dakit Lutxo Egiaren pertsonaiak isildu beharra kontatuz ez ote duen bere burua urkatzen.
Subjektuaren desagerpenaren aurrean nor garen adieraztera datoz aztertutako hiru narrazio hauek. Traizioa eta identitate nazionala: hona hemen hiru nobelak lotzen dituen hari hauskorra.
Errealitate eta fikzioaren kinka
Mundu labana errealitatearena, mundu labana fikzioarena. Labanka-labanka biak bat egiten dira, fikzioa eta errealitatea. Gaur egun badago genero nagusi bat, bien arteko kinka artez azaltzen duena: nobela. Nobelan gizartearen ahotsak eta kezkak agertzen dira, badoa mundua, badoa kontakizuna, eta bien artean lagun gisa, badoa nobela. Mundu asko eta desberdinak agertu ditu gure arteko nobelak. Ez dut nik esango nobela nagusia egiten ari garela, eta kontakizun dizdiranta, baina hantxe dira gizartearen kezkak, eta hantxe nobelarenak. Bada galdera bat aspaldi buruan dabilkidana. Bost sei idazle nagusi ditugu, denak narrazio munduan ibiliak. Bost, sei edo zazpi. Denak 68ko urte garrantzitsu haren inguruan sortuak. Haien ondotik etorri direnak, eta gutxi gorabehera 1964ean jaio zirenak ez dute lortu kanonaren ospea, nahiz eta asko eta asko narrazio lan eta traiektoria luzearen jabe izan. Izenak ematen jarriz gero, asko dira 1960 eta 1964 artean jaiotakoak: Inazio Muxika (1963), Pako Aristi (1963), Xabier Mendiguren (1964), Jon Arretxe (1963), Arantxa Iturbe (1963), Juan Luis Zabala (1963), Aingeru Epaltza (1960), Itxaro Borda (1959) eta beste asko. Agian bada garaia honengan ere merezi duten arreta jartzeko.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.