'Formalki oso ondo egon arren, kanta batek urrunago joan behar du'
Zortzi urte kanta berririk grabatu gabe igaro ondoren, Nire ekialdea tituluko lan berria kaleratuko du Benito Lertxundi kantariak uda ostean Elkarlanean etxearen eskutik. Oraingo honetan, gainera, oriotarraren musika ez da bakarrik helduko, DVD formatuko gehigarri batekin batera baizik, Euskal Herrian egingo den lehenengoa dirudienez.
Galdera. Zergatik hainbeste urte kanta berririk gabe?
Erantzuna. Ofizio hori dut, eta horretan nagoenez gero, kantak egiten joaten naiz, piskanaka. Kanta bat hasten dudanean mundutxo batean sartzen naiz, bukatzen dudan arte. Gero zuzeneko emanaldietan aldatuz doa, egiten. Kantak euren erritmoan datoz, eta garaia heltzen denean, eman beharreko pausoa diskoa grabatzea da eta hor beste mundu bat hasten da.
'Kanta bakoitza hasten dudanean mundutxo batean sartzen naiz'
G. Ez duzu eperik jartzen.
E. Ez dut neure burua behartzen konposatzen aritzeko, eta ezin nuke enkarguz lan egin. Nire ustez, gainera, behartuta arituz gero ofizio lana bai, lor daiteke, baina kanta batek urrunago joan behar du funtzionatzeko. Kantak komunikatzeko tresnak dira, eta nahiz eta formalki oso ondo egon, gehiago behar du. Entzulearengana iristeko kantak sentimenduak behar ditu, gero entzule horien sentimenduekin nonbait elkartuko direnak. Konplizitatea sortzen da. Niri askotan atera izan zaizkit kanta tristeak, akaso ni triste egoeran nengoelako, baina horiek ere ondo funtzionatu dute, publikoarekin konektatu dute.
G. Bukatuta al dago diska?
E. Nik oraindik lana ikusten dut hor, nahasketak egin baino lehen gauzaren bat konpondu beharra ikusten dut. Denborarekin konturatzen zara zer falta den eta zer sobra den, eta ni hasia naiz horiek ikusten.
G. Gustatzen al zaizu buruan zenuena eta entzuten denaren arteko diferentzia entzutea?
E. Lehendabiziko astean gauzak gustatu egiten zaizkizu, inpresio bat egiten dizu eta etxera kontentu zoaz. Baina egun batzuk hori entzuten jardun ondoren gaixo egoera batean sartzen zara eta beti halako asekaiztasun bat somatzen duzu, bizitzen uzten ez dizuna, baina bestalde pentsatzen duzu horrek izan behar duela benetako motorra, bestela lehenengo entzun dugunarekin konformatuko ginateke.
G. Grabaketa estudioan asko inprobisatzen al duzu?
E. Estudioa erantzun bat da. Zuk daukazu gauza bat buruan baina hori, buruan dagoen bitartean, kea da, eta gorpuzten hasten denean badu heldulekua eta hortxe sortzen dira aldaketetarako aukerak, orduan ikusten diozulako perfila.
G. Arraunlarien jarduneko soinuak sartu dituzu diskoan.
E. Oso istorio berezia dut kantu horrekin. Oriotar bezala oso arraunzalea naiz, baina sekula ez nintzen itsasora joan arraunlarien ondoan. Duela hiru urte egin nuen lehenengoz, orduan patroi zebilenarekin hitzegin ondoren -urtebete beranduago hil egin zen-, eta niretzako ikaragarrizko zartada izan zen. Entrenamendu hartan kaio bat zebilen gure gainean, eta Txiki hil zela esan zidatenean kaio hartaz gogoratu eta kanta bat egiten hasi nintzen bizitakoarekin.
Ordubeteko DVDa diskarekin
Et Incarnatus Orkestra eta Markina Xemeingo koruarekin Urnietako Sarobe zentruan hiru egunetan lanean jardun ondoren, bertan lortutako irudiei beste zenbait gehitu eta ordubete inguruko dokumentua osatuko dute Elkarlanean etxeko arduradunek eta Lertxundik, diskarekin batera DVD formatuan kaleratuko dena. 'Diskaren prestakuntza bukatzen ari nintzela proposatu zidaten DVDa egitea', dio kantariak. ' Garai batean CDekin gertatu zen bezala hemendik aurrera DVDn ere gauzak egiten hasiko direla eta proba egin genezakeela. Niretzako inportanteena diska grabatzea zen, eta behin eginda dagoenean hartu ditugu kanpoko irudi batzuk ere. Itsasoan egindako solas-aspertu batzuen zati batzuk hartu ditugu, eta mendian ere ibili gara'. Disko honek duen beste alderdi berria Lertxundik ekoizle batekin lan egin izana da, kasu honetan Angel Unzu gitarra jolea. 'Beti entzun izan dut ekoizle batekin lan eginez gero, hobe dela ezagutzen ez zaituen norbait izatea, baina niretzako horrek ez du zentzu handirik, eta gainera nortasuna galtzeko arriskua lukeela iruditzen zait. Nik nahiago dut nire joerak onartuko dituen norbaitekin aritzea. Gero behar den guztia eztabaidatuko dugu eta bion proposamenak aztertu, baina azkenean lan hori nirea dela ezagutu egin behar dut. Multinazionalek sortu dituzte estilo batzuk, gustu jakin batzuk bermez asetuko dituztenak. Eta beste buru bat izatea interesgarria da, ikuspuntu desberdinak emango dizkizulako, baina zure izaera mantenduz'.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.