Mantxa
Oporren tarte luze bat eztabaidan pasatu genuen, Mantxarako bidaia hura desastre bat izango zela konturatzen hasi ginenetik; leku aspergarria iruditu zitzaigun, xarmarik gabekoa. Hala ere, iragarpen guztien kontra, Ane eta bion artekoa ez zen apurtu bidaia hartan, hurrengo udan Baztan aldera egin genuen txangoan baizik: paisaia berde zoragarriek eta Euskal Herria Zaharraren presentzia etengabeak lortu zuten Mantxako lur mortuek lortu ez zutena.
Hasieran arkitektura pixka bat ikusteko saio batzuk egin genituen Ciudad Realeko probintzian zehar: bizkor konturatu ginen bezala, han ez genuen ezer bereziki ikusgarririk topatu, edo ez genuen topatzen jakin behintzat. Almagro bisitatu genuen, noski, hango plaza eta komedia-antzoki zaharrarekin, baina gu bezalako bisitariez gainezka zegoen, eta berehala egin genuen hanka handik. La Gu¨ªa del Trotamundos-ek nahi beste epiteto arranditsu esleitu ziezaiekeen, baina guri gatzgabeak iruditu zitzaizkigun herri gehienak: txikienak miserableak ziren, eta handienak itsusiak, nekazaritza-desarrollismoak jotako nukleoak.
Ahalegin monumental-arkitektonikoak albo batera utziz, Daimiel bisitatzera abiatu ginen, baina urte hartan sekulako lehortea izan zen, eta han ez genuen gozamen handirik hartu: belar erreak, zomorro bat edo beste, eta lokatz piloa. Ez genuen ikusi ezta ahate ziztrin bat ere. Ane eta bion arteko eztabaidak esponentzialki biderkatu ziren.
Bosgarren edo seigarren egunean, urmaelak ikusteko asmoarekin, Manzanares-tik Ruiderarako bidea hartu genuen. Gu nekatuta geunden, bidaiaz orobat eta baita eztabaidatzeaz ere, nonbait, eta La Solana inguruan nahastu eta okerreko bidea hartu genuen. Halako batean, silueta bat ikusi genuen bide-ertzean; hurbildu ahala konturatu ginen pertsona hark polarra jantzita zeramala: polar granate-morea, eta mendiko botak. "Lepoa egingo nuke euskalduna dela", esan nion, erdi brometan, Aneri.
Polarraren jabea emakume edadetu bat zen, ile urdinekoa: gelditzeko imintzioak egin zizkigun parera iristean. Ez ginen gehiegi harritu autoan sartu eta euskaraz hasi zitzaigunean. Argamasilla de Alba-ra eramango ote genuen galdetu zigun; han zeukala lagunekin hitzordua, edo halako zerbait. Mapa atera eta orduantxe konturatu ginen gure bide-hutsegiteaz, eta hurrengo minutuak elkarren artean eztabaidatzen pasatu genituen Anek eta biok, emakumeaz arduratu gabe: horregatik ez ginen behingoan ohartu.
Bihurgunera heltzean hasi ginen ohartzen: emakumeak, ahots txistukariz, "Kontuz kurba honekin, hementxe hil nintzen ni eta", esan zuenean. Ia aurreneko aldiz bidaia osoan, barre egin genuen Anek eta biok. "Eta orain desagertuko zara, ezta?" galdetu zion emakumeari Anek, burua atzeko eserlekurantz jiratuz. Emakumea ez zen desagertu: hantxe jarraitzen zuen polar granateaz jantzita. Baina haren azal transluzidoan erreparatzean, zalantza egin genuen. Guri begira jarraitzen zuen, isilik. Argamasillarantz jarraitu genuen, zer esan ez genekiela.
Bidean Herrera de la Mancha-ko kartzela aurretik igaro ginen, eta Ane eta biok imajinatzen hasi ginena andreak berak -Mari Jose zuen izena- konfirmatu zigun. Istripua semeari bisita egitera zihoala gertatu omen zitzaion; ezin jakin zehazki noiz, andreak -edo espektroak- denboraren zentzua erabat galduta zeukalako. Seinalatu zigun lekuan, behintzat, ez zegoen istripuaren hondakin txikiena ere, eta, zer esanik ez, Argamasillan ez genuen Mari Joseren bidaideen arrastorik topatu. Behin eta berriro esaten zigun inguruan ibili behar zutela, laster joango zirela haren bila hitzordua zuten kafetegira. Eta, insistitu genuen arren, are Euskal Herrira bueltan eramango genuela agindu genion arren, ez zigun kasurik egin. Hantxe utzi genuen, barran bermatuta, haren polarrarekin, zorua ganba-azal eta muskuilu-oskolez harrigarriro estalita zeukan Mantxa erdiko taberna hartan, itxaroten.
Itzulerako bidean Anek eta biok ez genuen eztabaidarik eduki; izan ere, apenas hitz egin genuen. Hurrengo oporretan Baztanera joango ginela erabaki genuen, hori bai. Baina, aipatu dudan bezala, alferrik izan zen.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.