Itsaskirriak
- Hektorrek deitu zidak. Ea aurten afarira etorriko haizen.
- Afarira? Zein afaritara?
- Ez ezak ezjakinarena egin. Itsaskirrienera: zein izango da bestela? Urteurren afarira...
- Urtebete pasatu da jada? Gezurra zirudik...
- Ez adarrik jo, hi. Tira, etorriko haiz, bai ala ez?
- Ba ez zaukaat gogo berezirik, Eneko. Zer nahi duk esatea.
Ez neukan gogo berezirik, ez. Eta, egia osoa aitortzeko, ez nuen ulertzen nolatan joan zitekeen Eneko, egin ziguten guztiaren ondoren. Baina Eneko horrelakoa da: adeitsua, eskuzabala, beti prest ingurukoak ondo sentiarazteko. Pertsona ona, funtsean. Ni ez.
- Ba besteei ilusioa egingo liekek, benetan. Beti galdetzen zidatek hitaz. Ez zakiat zer aitzakia emango diedan aurtengoan.
- Ez eman aitzakiarik orduan. Esaiek egia eta kito. Ez zaidala potroetatik irteten. Putakume batzuk iruditu zaizkidala beti.
- Nola esango diet hori, gizona! Ez zieat afaria hondatu nahi. Gainera, jakin ezak oso kontzeptu ona dutela hitaz.
- Berandu samar, ez duk uste? Gainera, bost axola niri.
Baina ez zitzaidan berdin, zer esanik ez. Itsaskirriak ikastolako ikasle batzuek sortutako hondartza-futboleko taldearen izena zen. Ikastolako talde "alternatiboarena", nolabait esateko: talde "ofiziala", ikastolaren izena zeramana, gurasoen eta ikasleen mafiatxo baten esku zegoen, ohi bezala, eta playeroen ligan aritu nahi zuen jokalari on askok ez zuten lekurik bertan. Ez dakit nori bururatu zitzaion ideia, baina guztia oso bizkor gauzatu zenaren irudipena daukat, eta apenas izan genuela gurasoen laguntzarik, harrigarria iruditzen zaidana, OHOko seigarren edo zazpigarren kurtsoan baikeunden: hondartzako ligan izena ematea, uniformea aukeratzea, babeslea bilatzea... Zenbait enpresatara jo ondoren, azkenean Herri Irratiak ordaindu zigun ekipoa: elastiko urdin argia, galtza motz beltzak, galtzerdi urdinak... Botak norberaren kontu. Elastikoek Itsaskirriak lema zeramaten serigrafiatuta, bular aldean, ortzadar bat edo zubi erromaniko bat balitz bezala. Ez nuen sekula elastiko hori jantzi.
- Benetan, ez diat ulertzen. Pasatu diren urte guztiekin, oraindik ez haiz kapaz izan barkatzeko... Nik bezala egin beharko hukeen. Nik barkatu zieat.
- Ez esan ergelkeriarik, Eneko. Hik ez diek sekula barkatu, sekula ez haizelako irainduta sentitu. Gainera, hi entrenatzailea hintzen.
- Aizak: ez gara horrekin hasiko berriro ere, ezta?
Eneko eta biok ez ginen futbol jokalari onak; egia esan, ez ginen onak kirol batean ere: horrenbeste bagenekien. Baina Itsaskirriaken jolastu nahi genuen, ordezko moduan sikiera. Ezinezkoa izan zen ordea: ez genuen "azterketa" gainditu. Taldea osatu zuten besteek (Hektorrek, Julenek, Jeromok, Juan Luisek...), jakina, ez zuten inolako azterketarik pasatu. Baina gu bioi froga batzuk egin behar zizkigutela erabaki zuten. Eta larunbat goiz batean La Salle eskolako patiora konbokatu gintuzten: aterako jaurtiketak, izkinak, penaltiak... Harmailen ondoan bildu ziren minutu pare batez, gu zelaiaren erdian arnasestuka itxaroten genuen bitartean. Epaia argia izan zen: taldekoak ginen, ados, baina Eneko entrenatzaile izango zen, eta ni masajista.
- Ondo dakik entrenatzailearena erabat dekoratiboa izan zela, ez zidatela kasu zipitzik egiten, ezta aldaketak agintzean ere. Eta hi ondo kontentu hengoela hire masajista-postuarekin. Igande goizero han hintzen behintzat, aurrenekoa, hire txandalarekin eta hire amak prestatzen zian poltsarekin...
- Bai, eta zer! Gero konturatu nintzen! Helduaroan! Umiliagarria izan zuan...
- Heldu, hi? Noiz heldu haiz ba? Ume baten moduan portatzen jarraitzen duk eta! Herra hori guztia ahaztu beharko huke, motel. Hogeita hamar urte pasatu dituk ia...
Beste taldeetakoek, jakina, barre egiten ziguten: masajista zeukan hondartzako talde bakarra ginen. Amak sartzen zizkidan gauza guztiak nire Montreal'76ko kirol-poltsa txikian: linimentua, alkohola, ur oxigenatua, gazak... Erizaina nuen ama.
Umiliagarria izan zen. Eta umiliazioak ikasturte oso batek iraun zuen.
Baina Enekok arrazoia zuen, apika.
- Tira, etorriko haiz, ezta?
- Ez zekiat, Eneko. Agian joango nauk, oraingoan.
- Ba Hektorrek esan zidak, etortzekotan, poltsa ekartzeko, oraindik hortik gordeta badaukak. Linimentua eta hori guztia eramateko erabiltzen huena, Montreal'76koa. Oroitzapen moduan, badakik.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.