Historia eta oraina Euskal Herrian
Badugu zer bereziren bat geure iraganarekin, zerbait eduki behar haren oroitzapenak hainbesteraino asaldatzen edo limurtzen gaituenean. Euskal Herrian baditugu historiazale sutsuak, historiazalerik porrokatuenak, seguru asko. Baina beste aldetik -eta hau ez da kontraesana- gure artean asko dira historiarekiko sinesgogorrak, jakintza-arlo hori benetan zer gertatu den argitzeko gai ez dela uste dutenak, era guztietako eszeptikoak. Eta, areago, bada iraganaren edozein aipamen gaitzesten duenik ere. Zer gertatzen zaigu, geure historiarekin maitasun / gorrotozko harreman zail horietan ibiltzeko? UNESCOrentzat oraintsu egindako lanean Hinnerk Bruhns alemaniar historialariak dioenez, "historia argitsuak" garai guztiak, onak zein txarrak, sartu behar ditu bere kontakizunean (bera Alemaniako gizarteaz ari da); historiak iragana bere horretan onartu behar du, genealogia amarrutsuak sortzen ibili gabe eta zenbait pasarteren aurrean ezikusiarena egin gabe. Iragana argitu Zientzia historikoaren egitekoa iragana argitzea da, dio Bruhnsek; haien zioak ikertu ondoren behinolako prozesuak ulertzea, eta ez, aldiz, gizarteak begi onez ikusiko duen tradizioa eraikitzea. Oroimen kolektiboari eragin behar dio entzunaren entzunaz eredu bihurtu diren usteen erabilera politikoa -batzuetan oharkabea- eragozteko. Ildo horretan, historialariak orainaren alde ere egiten du lan, orainari argi egiten laguntzen baitu, halako moldez non oinarri sendoagoen gainean egituratu ahal izango baita; gizarte bat zer izan den -eta zer den- jakiten laguntzen baitu, etorkizunean zer izan nahi duen hobeto zehazteko. Are gehiago, baliagarritasunaren aldetik begiratzen badiogu, historian bildurik dagoen esperientziaren bitartez gobernu hobea, kanpo harreman eraginkorragoak, legegintzarako euskarri egokiagoa lor daitezke. Horixe litzateke historialariaren zeregina gizarte modernoan, iraganaren eta orainaren arteko loturak normalizaturik dituen gizartean. Iragana argitzea, esperientzia antolatzea, iritzi publiko gero eta ikasiago eta zorrotzagoa, eta gauza publikoen kudeatzaileak hartaz balia daitezen. Hori al da gure egoera? Ezta hurrik eman ere. Eta arrazoia ez da gu gizarte modernoa ez izatea -bagara, izan ere-, baizik eta orain artean ez dugula jakin izan Historiari horrelako lanak ezartzen. Ez gara hasiko orain geure burua Alemaniarekin alderatzen, jakinik herri horretan sortu zela historizismoa Ranke-ren eskutik eta bai gizarte zientzia historikoa ere. Gu, mende honetako hirurogeiko hamarkada arte, ozta-ozta heldu gara historiografia politiko eskasa eta antzinateari buruzko erudizioa osatzeraino. Hala ere, badugu zerbait alemaniarrekin lotzen gaituena. Beraiek bezala grina nahasten dugu iraganarekiko harremanetan, eta harreman horietara jo izan dugu -edo izan zuten- adostasun kolektiboak sortarazi nahian, gure nazioaren historia osatzen omen duten tradizioen aldarrikapenaren bitartez. Gainerakoan, nahiago izan dugu pasarteren batzuk -ez alemaniarrenak bezain larriak- ahaztu. Iraganarekiko erlazio grinatsu hori, tradizioak sortzeko historiaz baliatzea eta oroitzapen lausoak izatea dira euskal gizartea eta alemaniarra kidetzen dituzten ezaugarriak. Bereiztu, berriz, zientziaren tradizioak bereizten gaitu, eta historiaren Zunft-ak -mundu akademikoak- Alemanian duen itzalak ere. Eztabaida politikoa Ez dago zalantzan jartzerik gure iragan hurbileko eta urruneko pasarteren batzuk zein grinatsuki eztabaidatzen diren. Euskal Herriko edozein forotan, gaur egun, azken gerra zibila edo foruen sistema aipatzea nahikoa da eztabaida politiko gogorretan sartzeko arriskuan egoteko. Vulgata jakin baten arabera, 1936-1937an "Euskal Herriak espainiarren erasoa jasan zuen" -zehatz-mehatz gezurrezkoa denean-, eta inork besterik esaten badu, eztabaida amaigabea hasiko da: Gernikako bonbardaketa, Eusko Jaurlaritzaren jokaera eta abar hizpidera ekarriko direlarik. Zientzialarien erkidegotik kanpora, nor ausartuko da adierazten Kontzertuaren sistema C¨¢novas-ek eta euskal probintzietako aldundiek itundu zutela 1878. urtean, foru haziendak Espainiako haziendarekin "normalizatze" bidean jartzeko helburua zuen prozesu baten barruan; ez dela euskaldunen antzina-antzinako eskubidea, XIX. mendearen amaierako hartu-emanetatik sortutako araua baino? Ikuskera hori, nolanahi ere, ulertzekoa da, berari eusten dioten interesak kontuan hartuz gero. Baina ez dirudi hain funtzionala -eta harrigarria ere bada- historian atzerago jotzen badugu. Inor gutxik daki Euskal Herria ez zela izan erromatarrei aurre egin zien harako herri porrokatu hura, baizik eta, alderantziz, benetan "irredentoak" ziren eskualdeei -kantabriar-asturiarra eta, hau ezustea, Gaztelako meseta- erasotzeko erretagoardia. Zer axola du, baina? Ezin al genuke eraman horrelako zamarik? Bai, jakina. Ondore praktikoetarako ere, euskaldunen argudioak -Kontzertuei dagozkienak- indartu besterik ez lirateke egingo baldin eta, tradizio zaharrera jo beharrean, mende luze bateko berrikuntzen ondoren Espainiako haziendaren esparruan sistema nola finkatu zen argudiatuko balitz. Esan nahi dena zera da: eraiki nahi dugun etorkizuna edozein dela ere, hobe dugula geure egiazko iraganaren gainean eraiki. Baina aurrekoak herri honetan tradizioak sortzeko historiak izan duen erabilera gogora dakarkigu. "Euskal demokrazia" esaten zaion hori -herritar askok egia orokortzat daukaten ideia- mitoetan oinarrituta dago, eta mitook, berriz, ezbaian jartzen ez diren uste ospetsuetan: euskaldun guztion aiton-semetasun eta berdintasuna, beti ere erasoka etorri zaizkien "beste herri batzuetatik" antzina-antzinatik aske bizi izana; Orreagako gertaerei buruzko fantasi aipuak edo euskaldunek sendo egin zietela aurka "a celtas, ¨ªberos, romanos, b¨¢rbaros y ¨¢rabes" -EAJren web orria-.Azkenik, hortxe ditugu geure iraganeko pasarte ilunak. 1936ko gerra zibil izugarrian hurkoak, bertoko jendeak beti ere, elkarren aurkako borroka odoltsuan ibili ziren. Antifaszismoaren memoria gordetzen dugu, baina borroka harek Europa bitan banatu zuela -baita Euskal Herria ere- isiltzen da, ez zela izan lurraldea babesteko gerra, askatasunaren aldekoa baizik. Edo ez dugu gogoratu nahi altxatuen aurkako erresistentzia Euskal Herrian antolatzen hasi zirenak eta luzaroen eutsi ziotenak -1939 arte- sozialistak eta, oro har, ezkerrekoak izan zirela; EAJk zuzendutako gudari Batailoiek, euren unitateekin, 1937ko irailean eman zietela amore italiarrei Santo?an. Horrek ez dio batere baliorik kentzen 1937an Bizkaia defendatzeko EAJk zuzenduta egin zen borroka gogoangarri eta latzari. Historiak osorik jaso behar du iragana, ez ditu albora utzi behar gertaera lausoak, itxura epikoa edo izango duten kontakizunak osatu ahal izateko. Arazo horiei guztiei garai bateko tradizio historiografikoaren ahulezia gehitu behar zaie. Euskal Herrian XIX. mendean nagusi izan zen historiografia orainaldiari begira eratu zen, "etorkizuneko mistika" gisa, eta euskal ametzeskoa sortarazteko gakoa izan zen. XX. mendearen hasierako lanetan, Labayruren Historia general del Se?or¨ªo de Vizcaya bezalako gogoangarrizko obraren bat edo beste alde batera utzita, edo jakintsu lan bakan batzuk, agerikoa da politikaren eragina. Bernardo Estorn¨¦s Lasaren lanak, eta Gregorio Balpardaren erantzunak, batik bat, Euskal Herriaren genealogia nazionalistaren ala liberalaren alde egiteko ahaleginak izan ziren. Akademikoak Jadanik hirurogeiko hamarkadan, Miguel Artola eta Julio Caro Barojaren eskutik, eta hirurogeita hamarrekoan, Euskal Herriko historiografiak gizarte zientziaren edo jakintza-arloaren maila eskuratu zuen -Europakoen parekoa- gaur egun Unibertsitateetan duen maila, hain zuzen ere. Baina, hala eta guztiz, historialari akademikoek ez dute gizartean behar adinako eraginik. Eztabaida politikoaren sukarrak izan dira ezagutza horiek zientzialarien erkidegoaz harago iristen utzi ez dutenak. Nazionalismo historizistak -eta hari ere sarritan ildo beretik eman zaion erantzunak- eragotzi du. Era honetan, ETBn historia dibulgazioa egiten denean bazter uzten da zientzialarien erkidegoa, eta Eusko Jaurlaritzan bigarren hezkuntzan historiaren curriculuma prestatzerakoan, Unibersitate Sailei bizkarra emanik egiten da. Beraz, iraganarekin ditugun harremanak normalizatuko baditugu, historia argitsua edukiko badugu, ezinbestekoa dugu gaur egun Euskal Herrian historiak politikarekin duen erlazioa hoztea. Eztabaidak gero etorriko dira, ezagutza politikak ezarritako menpekotasun zuzenetik askatzen denean. Eta, hala, gure iraganaren eta gure artean dagoen zer horrek aringarriagoa egingo digu oraina, zentzuzkoagoa izango baita.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.