Zakur hondoratua
Madrilgo El Prado museoak Francisco de Goyaren koadro sail eder bat gordetzen du bere saletan. Horietako asko izutzeko modukoak dira. Bada koadro horien artean hain ezaguna ez den bat, harean hondoratzen ari den zakur baten burua duena erdian. Denboraldi batean ia astero joaten nintzen hura ikustera. Sala hartara sartu eta koadroa ikusi nuen lehendabiziko aldian, ez nintzen bat-batean bere sinpletasun zirraragarriaz ohartu. Koloreak ez dira nabarmenegiak, eta zakurraren buru ikaragarri hura atzematea ez da hain lan erraza. Burua besterik, eta gainera ez osorik, ikusten baitzaio. Koadroa ia abstraktua ere dela esan daiteke beldur handirik gabe.
Kosta egin zitzaidan, beraz, zakurraren koadroak zuen indarraz jabetzea, baina bigarren egunerako banekien museora bultzatzen ninduen arrazoia irudi ahaztezin hartan zegoela. Zakurraren burua erdialdean dagoela konturatu eta gero, puntu hari so egoten nintzen luzaroan, espresio ulergaitz horri zentzuren bat bilatu nahiko banio bezala. Egunak joan ahala, nire bisitak, garai batean behintzat, ugaldu egin ziren, uste bainuen harean erdi hondoratuta ageri zen zakurraren burua gero eta gutxiago ikusten zela, hau da, zakurra gero eta barrurago sartzen ari zela harean.
Ero baten irudipena baizik ez zela esan zenezakete, eta agian arrazoia emango nizueke, baina orduan oso garbi sentitzen nuen zakurra pixkanaka ito egingo zela, desagertuko zela azkenik koadrotik. Inguruko harea haren burua irensten ari baitzen. Museoko salara sartzen nintzen bakoitzean, emakume bera egoten zen zaindari gisa. Hogeita hamabost bat urte izango zituela zirudien ('zahartxo niretzako' -pentsatu nuela dut gogoan-), baina ederra zen, denborak ondo tratatu dituen andre horietakoa. Zerbait esan behar niola uste nuen, baina betaurrekoen atzeko begirada zekenak ezer esateko gogo guztiak kentzen zizkidan.
Izan ere, emakumearentzat nire bisita ugari haiek kezkagarri baino ez zitezkeen izan. Agian irudituko zitzaion koadro hura lapurtzea zela nire helburua, eta horregatik joaten nintzela hainbeste aldiz sala hartara. Egunen joan-etorriekin, hala ere, ohartu zen nire presentziak ez zuela ondorio arriskutsurik eta uste dut begi hobeekin begiratzen hasi zitzaidala. Ulergarria da: azken finean, museotan lan egiten dutenek ez dituzte bisitariak sekula ezagutzen. Ni, berriz, emakume harentzat sekula kale egiten ez zuen bisitari leial bat nintzen, segurtasun osoz asteartero ikusiko zuena.
Kontua da niri begira igarotzen zuela denbora guztia, ni neu koadroari so nengoen bitartean. Niretzako harrigarria eta, are gehiago, sinestezina zen zaindari hura zakur gaixoaren egoeraz ohartu ez izana; horregatik uste nuen andrearen eta nire artean konplizitate isil eta berezi bat sortua zela ordurako. Hala eta guztiz ere, inoiz ez genion elkarri hitz bakar bat ere esan. Batzuetan uste nuen koadro hartan atzematen nuena ikusten saiatzen zela bera ere, baina gehienetan bere espresioa itotzen ari zen zakurrarena bezala zela iruditzen zitzaidan, hau da, ulergaitza.
Niretzako ulergaitza den bezala nola aldatzen diren nire ingurukoen bizitza eta patua. Nirea finkatuta zegoenean (zakur haren burua ikertzea andrearen aurrealdean), aldaketa gogor bat (kanpotik etorria, jakina) jasan behar izan nuen. Asteartero bezala, salan sartu ondoren, haren eserlekuan ezagutzen ez nuen gizon bat zegoela konturatu nintzen. Gauza bera gertatu zen handik astebetera ere. Egia esan, andre hura ez dut gehiago ikusi eta ez dakit zergatik desagertu zen, sekula ez baitzidan hitz bakar bat ere esan. Gauetan lo egiten ez dudanean, susmoa izaten dut ez ote zuen nire erruz hain zuzen museotik alde egingo.
Andrearen desagerpenak atsekabetu egin ninduen. Harrezkero jada ez naiz El Pradoko museora hain sarritan joan. Badirudi, gainera, zakurra bere bizitzaz eta sufrimenduez aspertu egin dela, edo, bestela, bista galtzen ari naizela. Orain Goyaren koadroan hareaz estalitako lur eremu bat besterik ez baitut ikusten.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.