'Ikasten ari naiz, baina badakit bide honetatik jarraitu behar dudala'
Bere lehen eleberria, SPrako tranbia, iazko ekainean kaleratu zuen Elkar argitaletxean. Hasieratik oso kritika onak jaso zituen eta momentu honetan laugarren edizioa kalean da, 3.000 ale inguru saldu ditu, beraz. Joan den astean Espainiako Narratiba Saria eman zioten. Eta oraindik, ez du bere burua idazletzat jotzen. Unai Elorriagak egun batzuk beharko ditu saria asimilatzeko. 29 urteko bilbotar honentzat, etorkizunerako perspektibak goitik beherako iraulia jasan dezake. Momentuz, ez du erabaki drastikorik hartu nahi eta Labayru Institutuan bere itzultzaile lanarekin jarraituko du, bere bigarren lana, Van't Hoffen ilea, amaitzen duen bitartean.
Galdera. Derrigorrezko lehen galdera, saria nola hartu duzun.
'Ahal den heinean, gauzak umorez hartzeko ahalegina egin behar dugu'
Erantzuna. Oraindik ez dut baloratu, pasada bat izan delako, batez ere palmaresa ikusita, euskaldun bakarra nor izan den ikusita, oraindik apur bat sinistu ezinik nabil. Zer dakarren begiratu beharko da eta aurrerantzean zer tokatzen den saria irabazita, baina oraindik ez dakit non nagoen ere.
G. Nola iritsi da egile baten lehenengo lan bat haraino?
E. Prozesua apur bat bitxia da. Gazteleraz idatzita ez dauden lanekin, hizkuntza bakoitzaren akademiak aukeratzen du nobela bat aurreko urtean publikatu diren guztien artean. Euskaltzaindian Ana Toledo izan zen aukeraketa egin zuena. Hamabost egunetan lehen bi kapituluen presazko itzulpen bat egin nuen gaztelerara, epaimahaikideek finalistak aukeratu ahal izateko. SPrako tranbia jadanik finalisten artean zegoenean itzulpen osoa egin nuen, denbora gehiagorekin, eta orain arte.
G. Eroso sentitzen zara gazteleraz idazten?
E. Euskara eta gaztelania oso diferenteak dira estilo aldetik, tonu aldetik eta abar. Esaterako, euskaraz erlatibozko esaldiak luzatzen hasten dira eta ez dakizu nondik nora zabiltzan, eta gazteleraz, aldiz, oso errazak dira. Baina beste alderdi batzutan, euskaraz askoz ere hobeto, euskaraz hitz batekin nahi duzuna esan dezakezu eta gazteleraz erabili behar dituzu zortzi edo bederatzi eta horrek erritmoa mozten dizu.
G. Baina zuk erdaraz idatzitako lanen eragina baduzula aitortzen duzu.
E. Bai, hori argi dago. Euskal literatura bakarrik irakurrita idazle batek ezin du bere lana sortu. Munduko ikuspegi bat eduki nahi baduzu, literatura zer den jakin nahi baduzu, dena irakurri behar duzu, ahal duzun guztia. Eta esate baterako, Hego Ameriketako literatura oso inportantea izan da joan den mendean. Baina ez hori bakarrik. Nik Kafka edo Faulkner edo Thomas Mann irakurtzen badut, nik hori gaztelaniaz irakurriko dut, eta hor azken finean galbahe bat dago, gaztelaniazko itzultzaile bat. Orain badaude itzulpen gehiago, baina orain arte horrela izan da, eta gustura irakurri gainera, ez daukat inongo problemarik.
G. Posible al da errealismo magikoa Euskal Herrian?
E. Bai, bai, oso posiblea. Eta beharrezkoa. Egun hauetan galdetu didate ea hau surrealismoaren berpizkundea den, eta nik esan dut gustatuko litzaidakeela, beharrezkoa delako. Gurea bezain surrealista den gizarte batean, beharrezkoa da. Baina surrealismo eder bat, ameslari bat behar da, ez guk dugun surrealismo bortitza.
G. Esaten dute idazleak hasten direnean euren ahotsa bilatzen aritzen direla. Honekin zure bidea zein den argi daukazu?
E. Nik nahiko ahots espeziala daukat, batek baino gehiagok esan dit. Ez dakit hori ahots partikularra den, ahots ona den. Azken batean ez naiz idazlea, ikasten ari naiz, baina badakit behintzat bide horretatik jarraitu behar dudala.
G. Bekak eta sariak zein puntutaraino kontsideratzen dituzu garrantzizko?
E. Oso inportanteak dira, eta ez bakarrik niretzako. Igartza bekari esker, esaterako, atera dira idazle ikaragarriak. Hor atera dira Julen Gabiria, Fernando Morillo edo Jasone Osoro, nahiz eta azken honek bazituen lanak lehendik ere. Oso proiektu polita da, zuk, idazle eta gazte moduan ez baituzu arriskatzen. Badago gazte asko nobela osoa idazten duena baina gero lan horiek ahaztuta gelditzen dira. Beka honekin, irabazten baduzu, eta bestela ere izan dezakezu aukerarik, aholkularitza bat baduzu, editore bat duzu gainean. Euskal literaturan hemendik urte batzuetara ikusiko ditugu bere emaitzak.
G. Zuk hemendik aurrera gauzak beste modu batera planteatuko dituzu?
E. Ez dut pentsatzeko astirik izan. Editorial guztiak deika ditut Frankfurteko azokatik, baina nik ez dakit ezer eta ikusiko dugu nola irteten naizen halako ataka honetatik.
G. Hitzaurrean aipatzen dira abangoardismoa, esperimentazioa...Horiekin ados?
E. Bai, hori ondo dago. Nik idatzitako guztia non edo non irakurrita daukat, baina egia da esperimentalismo puntu bat badagoela, forma aldetik eta.
G. Liburuan, gogorrak izan daitezkeen egoerak oso samurki kontatzen dituzu.
E. Bai, ahalegina egin dut behintzat. Gauza askotan, bizitzaren aurrean daukagun jarrera oso amargantea da eta horrek gure kontra egiten du. Nik horren kontra egin nahi dut, uste dudalako ahal den heinean gauzak umorez hartzeko ahalegin egin behar dugula.
G. Pertsonaia nahikoa kaotiko hauetan, batzuetan errealitatea konpartimentatu egin duzu.
E. Bai, hori sistematizazioari egiten diodan burla bat da. Esaterako, egun hauetan galdetu didate belaunaldi berriko egileei buruz, baina nire ustez hori ezin da sistematizatu, bakoitzak etxean idazten du, bakarrik dagoenean, eta ezin da mugatu. Eta bizitzan, nire ustez, gauza bera gertatzen da.
G. Ironia eta surrealismoarekin batera, dena den, oso egungo diren gaiak ere jorratzen dituzu.
E. Bai, eta hori ez dit ia inork aipatzen, baina gauza oso gogorrak daude: lana bilatzearena, Sierra Leonako ume mutilatu bat agertzen da ere, Aita Santuaren kontuak... Nik hori ikusten dut eta hori idatzi behar dut.6
Tu suscripción se está usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripción?
Si continúas leyendo en este dispositivo, no se podrá leer en el otro.
FlechaTu suscripción se está usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripción a la modalidad Premium, así podrás a?adir otro usuario. Cada uno accederá con su propia cuenta de email, lo que os permitirá personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber quién está usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aquí.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrará en tu dispositivo y en el de la otra persona que está usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aquí los términos y condiciones de la suscripción digital.