Tortura
Gurea gerra sekretu bat da: gerra dago, gerran gaude, baina kalera atera eta, gehienetan, ez da nabaritzen gerran gaudenik. Hiritarrak alde batetik bestera doaz, bere kontuetan murgilduta, ezer gertatuko ez balitz bezala, eta eguzkiak normal egiten du distira, eta hodeiek izugarri normala dirudien euria isurtzen dute. Gurea gerra sekretu bat da.
Eta gerra sekretu guztietan bezala, ez dakigu ondo zer gertatzen ari den, nork hartzen dituen erabakiak, nork ematen dituen aginduak, zergatik betetzen diren agindu horiek. Tira, ageriko gerretan ez dakigu, ezta ere, zer gertatzen den zehazki, baina izkutuko gerrak ilunagoak dira oraindik. Batzuetan urteak eta are hamarkadak behar dira gerra sekretu batean benetan gertaturikoaz jabetzeko: jadanik horrenbesteko garrantzirik ez duenean, hain zuzen ere. Nekez sinets daitezke, gerra sekretu batean, alde batek zein besteak esaten dituenak: ageriko gerretan bezala, ados, baina are gutxiago. Eta neuk ere, Castillo Suarezek bezala, esan nahiko nuke: Ez dut neure burua entregatuko / propaganda bitarteko gerra honetan. Baina hain da zaila...
Tortura gure gerra honen osagarri bat da. Luze hitz egin dezakegu tortura mota batzuez, Ortega Larak jasan zuenaz esaterako, edo jazartuek egunero jasaten duten sotilagoaz. Baina egun hauetan, ezinbestean, poliziek egindakoa ekarri behar dugu gogora. Ez dut esango tortura horietako bat bestea baino larriagoa denik: denak dira arbuiagarri eta gorrotagarri. Baina bata talde terrorista batek burutzen duen bitartean, hots, bere partaideena ez ezik inolako ordezkaritzarik ez duen talde batek, bestea estatuaren funtzionarioek egiten dute. Eta hori, niri behintzat, mingarriagoa egiten zait, eta beldur handia ematen dit, estatua, itun hobbestarraren arabera, hiritarrok babestu behar gaituen erakundea delako, printzipioz. Are gehiago estatu hori demokratikoa baldin bada. Torturaren jarraipenak, eta haren aurkako neurriak hartzeko borondate ezak, larriki zauritzen dute estatu demokratikoaren oinarri den itun hori.
Ez dakit salaketa horietatik zenbatek duen oinarririk. Estatuaren bozeramaileen arabera, batek ere ez: salaketa guztiak talde terroristaren "eskuliburuaren" gomendioen ondorio lirateke. Zaila egiten zait hori sinestea. Ezin jakin zenbat testigantza faltsu eman diren balizko kontsigna horri jarraituz: "propaganda bitarteko gerra honetan" dena da posible, eta, printzipioz, Estatuaren polizia-indarren kideei, salatu guztiei bezalaxe, errugabetasun ustekizuna aitortu behar zaie; Euskaldunon Egunkaria-ko auziperaturikoei aitortu ez zaien horixe bera alegia. Baina, kasurik txarrenean, portzentaia handiena gezurrezkoa izanda ere, ezin da sinetsi salaketa guzti-guztiak fikzio hutsa izan daitezkeenik eta, ondorioz, gertaera horiek ikertzeko eta errotik ezabatzeko ahalegin serioenak egin beharko lituzke Estatuak. Eta ez salaketarik jarri tortura jasan dutela esaten dutenei. Are gutxiago kontuan hartuta Amnesty Internationalek eta beste erakunde batzuek urtero argitara ematen dituzten txosten eta datu lazgarriak. Are gutxiago Martxelo Otamendiren aurpegia, begirada, ahotsa, hitz urratuak ikusi eta entzun ondoren, gartzelatik atera zuten egunean.
Eta berdin zait torturatua erruduna edo errugabea, pertsonaia ezaguna edo guztiz anonimoa den: praktika horrek, dosi txikietan gauzatuta ere, estatu demokratikoaren oinarri guztiak higatzen ditu, eta bera defendatzeko betebeharra zeukan estatuaren biktima bihurtzen du torturatua.
Gure gerra sekretuak burusi ilun batez estali nahi du torturaren, torturen errealitatea. Ezetzaren burusiarekin. Ahanzturarenarekin. Ni neu ere errudun izan naiz, askotan: ahanzturagatik errudun, eta ez soilik torturei dagokienean. Eta horren kontrako antidotoa memoria da, hori izango baita, azken batean, erne egoten lagunduko gaituena. Juan Gelmanek arrazoia zeukan honakoa gogorarazi zigunean: "Duela hogeita bost mendetako atenastarrentzat ahanzturaren antonimoa ez zen memoria, egia baizik. Egiaren memoria, memoriaren egian".
Ez dezagun tortura ahaztu.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.