Baserritik ziberespaziora
Ekainaz geroztik, 20.000 pertsonak bisitatu dute Aitor Solozabal elorriotarraren abeletxea Interneten bidezBost kamerei esker, txerri, behi eta txitoen gora-beherak ikus daitezke gau eta egun
Internetek muga guztiak hautsi ditu. Edonora hel daiteke ordenagailuaren saguari klik eginez gero, eta munduko edozein pertsonarekin has gaitezke hartu-emanetan. Horixe pentsatu zuen Aitor Solozabal elorriotarrak, ekainean Abeletxea izeneko webgunea (www.granjafamiliar.com) plazaratu zuenean.
"Ideia ausarten zalea izan naiz beti, eta Internetek eskaintzen dituen posibilitateak aztertu nituenean, nire buruari esan nion: zergatik ez egin web atari bat gure abeletxeko bizimodua erakutsi eta, bide batez, produktuak saltzeko?", gogoratu du ziberespazioa konkistatu nahian dabilen baserritar honek.
Denbora galdu gabe, Bilboko enpresa batengana jo zuen webgunearen alderdi teknikoa garatzeko. Eta emaitzak begien bistakoak dira: Aitor Solozabalek eta bere familiak abeletxeko ateak zabaldu dituzte internauta guztientzat, baserri modernoetako bizimoduaren nondik norakoak hiru hizkuntzetan azaltzen dituen web orriari esker.
Bost kamerak abeletxeko zokondorik garrantzitsuenak erakusten dituzte gau eta egun: txerrien patioa eta logela, abeletxearen iparraldeko bazkagunea, behien egonlekua, txitoen bizitokia... Webgunera sartuz gero, abereen inguruko eguneroko zereginen lekuko izan gaitezke, abeltzaintzaren alderdirik ilunenak ere ikusiz.
"Abeletxe batek dituen arazoak ere islatu nahi izan ditugu: animalien gaixoaldiak, hiltegira eramateko salmentak eta abar, horixe baita abeletxe bateko bizitza benetan nolakoa den erakusteko erarik onena", esan du Solozabalek.
Horrekin batera, baserri zibernetiko honen bultzatzaileek heziketa lana egiten ere saiatu nahi dute Interneten bidez, natur baliabideen ustiapen natural eta ekologikoak ingurugiroaren ikuspegitik izan ditzakeen abantailak agerian utziz. "Landak okupatzeko erarik naturalena, paisaiaren izaera bere horretan mantentzen laguntzen duen bakarra, nekazaritza eta abeltzaintzarako ustiapen txikiak dira, zalantzarik gabe", Elorrioko baserritar internauta honen iritziz.
Atal ezberdinetan, www.granjafamiliar.com web atariak landare eta abereen zainketa eta mantentze-lanei buruzko xehetasunak ematen ditu, Eusko Labela daramaten produktuen nondik norakoak ere zehaztuz.
Pedagogia izeneko atalean, esate baterako, denetariko gai xume eta konplexuen gaineko nozioak ematen dira, eta internautekin harreman estuago eta zuzenagoa izateko asmoz, Abeletxeko tertulia deritzon foroan, iradokizunak, komentarioak eta abeltzaintzari buruzko galderak eta zalantzak plazaratzeko gunea eratu da.
Horretaz gain, abeletxe zibernetiko honek Elorrioko bitxikeriak ezagutu eta abeltzaintza eta naturari buruzko ikuspegi artistikoaz gotzatzeko aukera eskaintzen du, margolari ospetsuen irudiak medio.
Intereneten eskegi zenez geroztik, Elorrioko abeletxe honen webguneak 20.000 bisita baino gehiago erregistratu ditu. Gehienak, Europa, Estatu Batuak eta Latinamerikako internauten bisitak izan dira, baina azken aldi honetan, japoniarrak dira gehien sartzen direnak. Hezkuntzarekin eta nekazaritza edo abeltzaintzarekin zer ikusia duten mundu osoko webgune askotan, Elorrioko abeletxe zibernetiko honen aldeko laudorioak ageri dira.
Bisitarien mezuak irakurrita, ordea, Aitor Solozabalek dibulgazio gehiago egin behar dutela uste du. Horretarako, ikastetxeetako taldeen bisitak sustatzeaz gain, bideoak grabatu eta emisio dibulgatiboak egitea burutatu zaio. "Esan beharrik ere ez dago, proiektu horiek Euskal Herriko ohiturak eta bizimodua mundu osoan zabaltzen lagunduko luketela, baina finantzazioaren aldetik beharko litzatekeen ahalegin handiari aurre egiteko, erakundeekin hitz egin nahi nuke aurrerapausuak ematen hasi baino lehen", azaldu du.
Aitor Solozabal ez da nekazari edo abeltzainen ondorengoa. Baserritik hirietara ematen den emigrazio fenomenoari kontra eginez, Elorrioko baserritar moderno honek kaleko giroa utzi eta abeletxeko bizimoduaren aldeko apustua egin zuen. "Baserriak husten ari direla eta gero eta baserritar gutxiago dagoela esan ohi da, baina alarma joaz ez goaz inora. Gizartearen eta politikarien esku dago, nekazaritza eta abeltzaintzaren etorkizuna erabakitzea", aldarrikatu du.
Bien bitartean, Solozabalek teknologia berrien abantailak aprobetxatu nahi ditu abeletxeko produktuak merkaturatzeko, Guijueloko urdaiazpikoaren ekoizleen ereduari jarraituz. Horretarako, Txitxia izeneko elkartea sortzeko asmotan dabil, Elorrioko abeletxe zibernetiko honetan ekoitzen den okelaren salmenta sustatzeko. "Txitxia izena jarri diogu elkarteari, horixe baita umeei okela esateko erabiltzen dugun hitza; eta argi dago umeei okela ematen diegun bakoitzean, okelarik onena hautatzen ahalegintzen garela", azaldu du.
Solozabalek eginak ditu dagoeneko Interneten bidezko merkataritza elektronikora jauzi egiteko kalkulu guztiak. "Euskal Herrian 100 bezero inguru lortuko bagenitu, proiektua erabat bideragarria izango litzateke", ziurtatu du.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.