"Jean Etxepare filopatrikoa izan zela esango nuke"
Kepa Altonaga unibertsitate irakasleak (Loiu, 1958) Jean Etxepare jakintsu euskaltzalearen oroimena berreskuratu du Etxepare, Aldudeko medikua liburuan. Euskaltzaindiak eta EHUk argitaratutako ikerketa honek CAF-Elhuyar beka irabazi zuen duela lau urte. Geroztik, Argentinan jaio baina bizitza osoa Pirinioetako herriska batean egin zuen jakintsuaren arrastoari jarritu dio, XX. mende hasierako giro zientifiko eta soziopolitikoa deskribatzeko asmoz.
Galdera. Aitzinsolasaren lehen esaldian, Jean Etxepare "gizon intrigagarria" izan zela diozu. Zergatik?
Erantzuna. Luis Villasantek oso literatura grisa aurkezten digu Historia de la Literatura Vasca liburuan. Denak dira apaizak eta elizgizonak, eta ez dago ia laikorik, ezta emakumerik ere. Jean Etxepare da laiko gutxietako bat. Villasantek seigarren mandamenduaren kontrakotzat jotzen du Etxepareren lana, eta bere liburuetan benenoa dagoela esaten du. Buruxkak berrargitaratu zenean, lerroen artean irakurriz konturatu nintzen Etxepare eboluzionista izan zela, eta Haeckelen eboluzionismoa Euskal Herrira ekarri nahi izan zuela.
"Buruxkak' bere poltsikotik ordainduta plazaratu zuen, baina liburuaz sortu zen eskandaluaren aurrean, saldu gabe gorde zuen etxeko ganbaran"
"Lerroen artean irakurriz konturatu nintzen Etxepare eboluzionista izan zela, eta Haeckelen eboluzionismoa ekarri nahi izan zuela"
G. Eta gainera, euskaraz...
E. Bai, baina sekulako arazoekin. 1910ean, Buruxkak liburua plazaratu zuen, bere poltsikotik ordainduta, eta sekulako eskandalua sortu zen. Orduan ez zegoen liburudendarik eta salmentak zuzen-zuzenean egiten ziren. Aita kontra azaldu omen zitzaion, eta orduko apaiz batzuk ere bai. Joxemiel Barandiaranek, esaterako, ez zuen aintzakotzat hartzen garai hartan eboluzioaren teoria. Ondorioz, Jean Etxeparek ezin izan zuen Buruxkak saldu, eta lote osoa etxeko ganbaran gordeta utzi zuen.
G. Aldude aldean, aukera gutxi izango zuen harreman zientifikoak lantzeko, ezta?
E. Berarentzat, momenturik askeena Bordelen medikuntza ikasi zuenekoa izan zen, seguruenik. Han, itxura denez, Durkheim ezagutzeko aukera izan zuen, soziologo frantsesak larunbatero ematen zituen hitzaldi publikoen bitartez. Euskal Herrira etorri zenean, ordea, bere bizitza profesionala Aldudeko medikua izatera mugatu zen, kanpoko kontaktu zientifikorik gabe. Momentu batean, Azkue euskaltzainburua izan zen bere kontaktu bakarra. Haien artean hiruzpalau karta daude, euskaraz idatzitakoak gainera -gauza bitxia sasoi hartarako-, eta karta horietan, Azkuek Men¨¦ndez Pidalekin fonetika ikastera joateko eskaintza egiten dio Etxepareri, eta Madrildik etorritakoan, Bizkaiko herri euskaldunen batean mediku plaza bilatuko diola hitz ematen dio, Euskaltzaindian lanean jarrai dezan.
G. Azkuek bezala, Etxeparek kultura hartu zuen herrigintzaren oinarritzat. Idazle abertzalea izan ote zen?
E. Hegoaldeko adituek abertzaletzat jo izan dute, baina Iparraldekoen iduriko, Xarriton bera ere tarteko dela, Etxepare ez zen abertzalea izan. Alde horretatik ere, rara avis bat izan zen, abertzalea izan barik bere curriculum osoa euskaraz idatzi baitzuen. Karlista eta liberalen eskema ere murritzegia suertatzen da Jean Etxepare sailkatzeko. Natur Zientzien mundutik hartutako termino bat erabiliz, Aldudeko medikua filopatrikoa izan zela esango nuke.
G. Pio Barojarekin ere konparatzen duzu.
E. Gauza bat argi dago: Jean Etxepare Txomin Agirreren eskematik kanpo dago. Agirreren Garoa irakurrita ematen du infernua Somorrostro aldean dagoela. Ez dakit Somorrostrotarrek nola ez duten Agirreren liburua erre publikoki. Aitzitik, Etxepareren aipu batzuk Pio Barojaren aipuekin konpara daitezke inongo konplexurik gabe, eta Etxeparerenak gainera lehenagokoak dira. Euskal Herri euskalduna nahiko mundu itxia zen orduan, eta mundu itxi horretan, Jean Etxepare medikua kanpotik informazioa xiringatzen ahalegindu zen.
G. Zein izan da Jean Etxepareri buruzko liburua osatzeak ekarri dizun ikaskizun nagusia?
E. Ez garela ezerezetik sortu, eta atzetik badagoela historia bat hobeto ezagutu beharko genukeena...
G. Eta bakar baten ahaleginak sekulako balioa izan dezakeela, ezta?
E. Etxeparek dio bere obran: "25 urtez hemen nabil debalde". Baina bere ahaleginak ez ziren alferrikakoak izan, bistan da.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.