Euskalkien defentsan
Euskerazaleak elkartearen 40 urteko akusazioen gainetik, Euskaltzaindiak batuaren osagarritzat jotzen jarraitzen du
Altxorra besapean dakarrela azaldu da aspaldiko partez Euskerazaleak elkartea, batuak euskaren baitan duen arerio intelektual nagusia. Euskerazaleak elkarteak "batuaren arrisku eta kalteak" salatzen jarraitzen du duela 20 urte bezalaxe, baina orduan zeresan handia eman zuen batua versus euskalkiak delako ikamika urtuz joan da, nola azukre-tontorra kafe beroan, eguneroko jardunean.
Duela bi aste, Euskerazaleak elkarteak Santi Onaindia zenaren idazlan guztien edizio digitala aurkeztu zuen Zornotzan. Elkarteko lehendakari Martin Olazarrek esan zuenez, "Bizkaiko kulturaren altxor handia da" Zonotzako Udalaren laguntzaz -3.500 euro- berreskuratu dutena.
Aita Onaindiak 59 liburu, 550 artikulu eta 492 olerki idatzi zituen 1927tik 1996ra bitartean, bai eta literatura unibertsaleko 120 testu ingururen euskarazko itzulpenak ere, Rilke, Brecht, Vigilio, Unamuno, Tagore, eta are Mao Tse-Tung eta Karol Wojtyla tarteko direla.
Euskaltzaindiak hiru agiri plazaratu ditu 1977az geroztik euskalkien erabilera egokia arautzeko
Nolanahi ere, Milla euskal olerki eder izeneko antologia izan zen 1954. urtean Onaindiari euskal letren munduan ohorezko lekua eman ziona.
Euskerazaleak elkarteak teknologia berrien abantailak aprobetxatu ditu karmeldarraren altxor literario osoa bildu eta plazaratzeko. Zornotzan aurkeztu zuten DVDaz gain, berrikitan elkartearen webgunean (www.euskerazaleak.biz) eseki dituzte amorotoarraren idazlanak.
Onaindia ezinbesteko erreferentzia bilakatu zen urtetan Bizkaiko euskara landu eta zabaltzeko ahaleginean, Lino Akesolo, Augustin Zubikarai, Eusebio Erkiaga eta beste hainbat idazle gogoangarrirekin batera.
Baina izen handi horiek itzaliz joan diren heinean, bizkaieraren ikuspegitik batua areriotzat jotzen dutenen kopuruak ere behera egin du etengabe.
"Seguraski beste euskalkietan erosoago sentitzen dira batuagaz, baina Bizkaiko euskerea baztertuta itzi dabe", esan du Olazarrek, Euskaltzaindiari bizkaierarekin "erdeinuz" jokatu izana leporatzen diolarik.
Euskerazaleak-eko lehendakariak gaur egungo hizkuntza eredu estandarra eratu zen garaia ekarri du gogora. "Bergarako batzarrean, konponketa batera heltzeko aukerea eskeini geuntson Euskaltzaindiari, baina ez euskuen kasurik bere egin; horregaitik sortu genduan 1978an Euskerazaintza Erri-Akademia", azpimarratu du.
Euskaltzaindiaren izenean, Euskalkien Lantaldea koordinatzeaz arduratzen den Paskual Rekaldek batua eta euskalkiak uztartzeko plazaratu diren agiri eta adierazpenak azpimarratu ditu. "Duela ia 30 urte, Euskaltzaindiak Euskara batua, euskalkiak eta tokian tokiko hizkerak izenburuko agiria argitaratu zuen, eta 1994an, euskalkian idazten denerako irizpide orokorrak finkatzen zituen beste adierazpen bat ere bai", gogoratu du. Akademiak, azkenik, erregistro-mailakaketa zehatza deskribatu zuen 2004an Euskalkien erabileraz irakaskuntzan, komunikabideetan eta administrazioan delako agirian.
Euskaltzaindiak batua eta euskalkiak "elkarren osagarri izatea" nahi du. Honela, eremu zabaleko harremanetan, batua -"euskararen goi mailako erregistroa"- erabiltzea proposatzen du, eta eremu mugatuagoetan, batua, euskalki landua eta tokian tokiko hizkerak tartekatzea.
"Esan bai, asko egin dabe, baina zer egin dabe gero euskalkiak eta batez bere bizkaierea bultzatzeko? Ezer bere ez", esan du Olazar Euskerazaleak-eko lehendakariak.
Rekaldek, aitzitik, "batua guztiondako dela" gogoratu du, eta zenbait -"agintari batzuk barne"- eskolan eta gizartean euskalkiak sustatzearen alde zabaltzen ari diren mezuek "euskarari kontra egitea" beste helbururik ez dutela uste du. "Kontuz ibili behar dugu joera hauekin", esan du.
Gaur egun, Euskerazaleak elkartea eta Euskerazaintza Erri-Akademia dira batuari erresistentzia egiten dioten gizarte eragile bakarrak. Euskerazaleak-ek hilabetero argitaratzen duen Zer aldizkariak, esate baterako, elkartea sortu zen garaiko (1967 urte inguruko) bizkaiera eredua defendatzen du, hatxerik gabekoa. Maiatzean, elkartearen 40 urteko historia laburbiltzen duen liburua plazaratuko dute.
"Bizkaierea galdu ez da egingo, baina indar gehiago hartuko luke laguntza gehiago egongo balitz alde guztietatik", esan du Mungiako abadeak.
Euskaltzaindiaren ordez, Rekaldek Euskalkien Lantaldearen datozen urteotarako lan ildoa laburbildu du: "euskalkien gramatika, morfo-joskera eta bestelako hizkuntza ezaugarriak garatzea".
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.