Sagardotegikoa
IBAN ZALDUA
A
stigarragako betiko tabernara ailegatu dira, banan-bana. Urtero bezala. Koadrilako afaria, sagardotegian. Emazterik gabe. Garai batean, Asierren urtemuga ospatzeko aitzakia baliatzen zuten, bera baitzen otsailean jaiotako bakarra; egun, haren oroitzapenari eustearren antolatzen omen dute: badira sei urte Asier hil zela, auto-istripu batean.
Sasoi batean, aurreko asteburuan erabakitzen zuten non egingo zuten, eta nork erosiko zuen haragia. Egun, e-mailez ipintzen dute data eta, jakina, inor ez da arduratzen haragia eskuratzeaz: sagardotegiak jartzen du.
Iritsi dira baietza eman duten guztiak, eta, autoak hartuta, atzean utzi dute Astigarragako kaskoa; gero, malda lohitsu bat igotzen hasi dira. Sagardotegira heltzeko, edozein sagardotegitara heltzeko, malda lohitsu bat igo behar da beti. Dena dela, 4x4ek ez dute zailtasun handirik izan; ez behintzat lehenagoko 127ek eta Renault 5ek adina.
Sagardotegira sartu bezain laster "Hemen izan gaituk jada", bota du Albertok. "87an edo 88an izango zuan". "Berritu egin ditek orduzkeroztik", erantzun dio I?akik, eta egia da, antzinako zurezkoen ordez metalezko upelak ageri baitira nonahi. "Bazterrak, horratik, beti bezain zikin zeudek", gehitu du Bele-k. "Zer nahi duk ba", erantzun dio Tximas-ek, "zikinkeriarik gabeko sagardotegia ez duk sagardotegi, motel".
Hasi dira joan-etorriak. Ekarri dituzte bakailao-tortillak.
"Lekutan zegok, eta lan ederra hartzen diagu hura konpontzen, astebururo, baina ikusiko duk amaitzean: inguruko baserrietan ederrena duk". "Ez, kasu egin, fondo horiek ez dituk batere ziurrak: nik bazeukaat ezagun bat BBVAn...". "Separazioa? Ez, ezta pentsatu ere, elkarrengandik atseden hartzeko tarte bat hartu diagu, besterik ez. Bai, umeak Sararekin gelditu dituk, baina egunero izaten nauk haiekin; ia egunero". "Hermanos Villaverde, bai horixe: ez dituk ezagunak, botiletan ez ditek etiketarik jartzen ere, baina ardo ona duk, primerakoa; gurekin etorri beharko huke egunen batean, urtero egiten diagu pare bat biaje: total, hurbil zegok, Biasteritik lauzpabost kilometrotara".
Hasi dira txuleta erreak mahairatzen.
Antzinako urte haietan politika zen elkarrizketa-gai nagusia. Horren arrasto gutxi geratzen da egun.
"Ez al zarete oraindik ohartu? Otegiren trikimailu bat baizik ez duk. Bera duk Ainhoaren fanik handiena: apustu egingo nikek ez duela Operaci¨®n Triunfoko gala bat bera ere galtzen. Eurovisi¨®n-erako ateak ireki zizkiok Ainhoari: euskaldun batek ez zian zer eginik giro hartan. Orain, Arnaldoren erasoaren ondoren, badik, sikera, Letoniara joateko aukera bat. Eta ni ez nindukek askorik harrituko konspirazioa urrunago helduko balitz: eta Ainhoak, Eurovisi¨®n irabazita, abestiaren errepikapenean atorra kendu eta azpian leramakeen Basque Prisoners to the Basque Country elastikoa erakutsiko balu? Giraldillena txiki geratuko lukek horren ondoan..."
Xabiren iritziak beti izan dira xelebre samarrak.
Ekarri dute postrea. Otartxoetan geratuko dira intxaur gehienak, eta, amaituko den arren, ez dirudi gazta inongo lehiaketa irabazitakoa denik.
Postretan egin ohi dute topa Asierren memoriagatik.
Betiko anekdota kontatu du norbaitek: udalekuan zirelarik, gauez, Asierrek nesken kulero guztiak ebatsi zituenekoa; handik hiru egunetara zuhaitz biren artean agertu ziren zintzilikaturik. Barre egin dute denek. Gezurra dirudien arren, ez dira gai lagunari buruzko beste ezer gogora ekartzeko.
Afaria amaituta, Hernanira jaitsi dira. Urtero bezala. Mozkortzen bukatzera. Cardhu kopa bi eta sei gin-tonic. Tabernaz-taberna ibiliko dira, guztiak itxi arte.
Elkarte baten ate erdi irekiaren ondotik pasatzean, Arnaldo Otegiren aurpegia ikusi duela iruditu zaio Bele-ri. Eta zin egingo luke Europe's Living A Celebration abesten ari dela gainerako afalkideekin batera. Jiratu da koadrilakoei oihu egiteko, baina beranduegi da: kalekantoitik desagertu egin dira jada.
Bizkor ibili beharko du harrapatu nahi baditu.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
?Tienes una suscripci¨®n de empresa? Accede aqu¨ª para contratar m¨¢s cuentas.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.