Fikzioaren beharra
Gizakiok ezin dugu errealitate gehiegirik jasan. Horrela zioen T.S. Eliotek (Four Quartets, I, 42-43). Bere zama guztiarekin gainera etortzen zaigunean, errealitatea ez da beti jasangarri suertatzen eta sarritan egin ohi dugu ihes beste esparru batzuetara, betiko gure inguruetatik haratago, guregandik ere ahalik eta urrutien. Fikzioaren hazia hedatzen da orduan, azpildurez jositako errealitateak uzten dituen zirrikituetan bere bidea eginez, artearen oinarria egunerokotasunaren harea mugikorretan txertatuz. Errealitatea bera ere, fikzio bihurtzen denean, edo berarekin nahasten, aberastu egiten da hein handi batean, ikuspegi berri batek dakusagunaren itxura eta akaso esanahia eraldatzen dituen bezala.
Fikzioak, gero, indarra hartzen du eskuratu dituen eremuetan. Eta askotan zaila izaten da litekeenaren erresumatik dagoenaren espaloira itzultzea. Miguel de Unamunoren Lainoa izeneko amesgaiztoan bezala, asmakizunek asmatzaileek baino pisu gehiago har dezakete. Hor dago, kasu, Don Quixote, Cervantesekin alderatuta ospe handiagoa lortu zuena mendetan zehar, edo, oraindik larriago, Hamlet bera edo Shakespearen beste hainbat pertsonaia. Horietako ia edozeini buruz gehiago esan daiteke egileari buruz baino. Izan ere, zenbaitek dio Shakespeare bera ez zela existitu, beste egile baten ezizena besterik ez zela, gehiegikeria ez balitz Fernando Pessoa idazle portugaldarra Borgesen asmakizun hutsa izan zitekeen moduan.
Fikzioak errealitateak uzten dituen hutsuneak betetzeko ere balio duela esan genezake, eta hortik datorkiola hain erakargarri egin duten ezaugarrietako bat. Etxe azpian ez daukagun Mercedesa ez digu emango, baina bai, ordea, arruntegiak ez diren (edo akaso arruntegiak diren) istorioekin hunkitzeko aukera, gure bizitzan horrelakorik soberan ez badago, behintzat. Sergei Dovlatov idazle errusiarrak zioen bere bizitzako disgusturik handiena Anna Karenina hil zenean hartu zuela. Eta hori idazle baino lehen boxeolaria izan zela, segur aski gustoko izango ez zituen makina bat ezbehar pairatutakoa. Fikzioaren haritik jarraituz, ez dakit zer pentsatuko zuen Clint Eastwooden azkeneko filma ikusteko aukera izan balu, baina zinegile amerikarrak egindako obraren dohainez mintzatuko zitzaigun seguruenik. Eta esango zigun agian fikzioa beharrezkoago eta are erakargarriago bilakatzen dela errealitatea hain hurbiletik islatzen duenean, errealitatearekin nahastuz berau ordezkatzen duenean ikuslearen edo irakurlearen begietan. Gure artean Javier Cercas izan daiteke mota honetako literaturaren eredurik gardenena (urrutixeago joanez gero, W.G. Sebald). Benetako kontakizunetan edo autofikzioaren barnean errealitatearen itxura nabarmena duten istorioak plazaratzen dira, narrazioaren konbentzioari esker gertakari errealtzat zuzenean hartzen ez direnak, baina bestelako baldintza batzuetan horrela hain zuzen ulertuko liratekeenak.
Hor aurki daiteke, izan ere, fizkioaren giltzetako bat. Fikzioak errealitatearen eremu hertsitik ateratzen gaitu une zoriontsu batzuez (nor ez da oroituko Woody Allenen Cairoko larrosa purpura izeneko filmaz?), eta, hala ere, errealitarera gerturatzen den neurrian egiten zaigu erakargarriago. Zergatik, bestela, hunkitzen da bereziki ikuslea filma benetako gertakarietan oinarriturik dagoela esaten zaionean edo zergatik Primo Leviren trilogia ez da irakurlearentzako bestelako edozein narrazio modukoa? Mu?oz Molinaren Narva ipuin zoragarriari beste zerbait gehitzen dio Madrilen bizi den agure baten bizitzaren pasartea izateak. Fikzioaren bila abiatutako irakurleak beste errealitate baten puxketekin egiten du topo horrelakoetan. Ez ote da hau hain zuen fikzioaren funtzio nagusietako bat: beste errealitate batzuk begiztatzeko sikiera aukera ematea? Badirudi, azken finean, errealitate gehiegi jasan ezinagatik fikzioaren beharra gure errealitatearen dosifikazioan datzala. Errealitatea bera ere beharrezkoa baita, baina dosi txikietan.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.