Iraganaren etorkizuna
Barajasko atentatuak gure iraganera itzuli gaitu bat-batean astindu basati batez. Indarkeriak gure eguneroko bizitzaren azpian (edo alboan) segitzen zuela susma genezakeen, eta batzuetan ikusi ere bai, baina oro har, besterik ezean, askatasunaren aurkako atentatu txikiek amaitutzat eman zitekeen bide galdu baten azken urratsen itxura ere agertzen zuten. Iragana ez zen duela bederatzi hilabetekoa, hiru urte eta erdikoa baizik, denboraren zuloan urrun samar joaten hasia zen garai batekoa. Sarritan hauxe bera pentsatu nahi izan dugu azken boladan eta agian horregatik terrorismoak eragin duen iraganerako itzulera uste baino gogorragoa izan da ia guztiontzat.
Iragana da terroristen lagunen erantzun doilorra. Iragana da basakeriaren osteko komunikatu ziniko bezain nazkagarria. Iragana da guztion ordezkari izan behar lukeenaren abildade berezia egoera nahasteko, hirritarren haserrea eta asperdura bere erara, beti bere interesen alde, bideratzeko, terrorismoaren kontrako manifestazio batek beharko lukeen gardentasuna zokoratuz. Iragana da, d¨¦j¨¤ lu baten antza dauka gerrarik ez dagoen lurralde batean bakearen aldarrikapena behin eta berriz egiteak (ezin al da gauzei daukaten izenez deitu?). Iragana izan beharko luke biktimen sufrimenduak, duela hilabete hil dituzten gizakien senideen begirada itsu eta galduak. Iragana izan beharko lukeen bezala -krimenaren historia luzearen artxibategiaren atal gisa- terrorismoaren ibilbideak berak.
Baina ez da hola. Milaka urte dituen herri batean iraganak, jakina, pisu handia dauka ez bakarrik orainean, baita etorkizunean ere. Etorkizunerako proiektuak iraganean oinarritzen -eta batzutan justifikatzen- diren neurrian etorkizuna lotuta dago, iraganaren menpe. Urrutiegi ezingo gara joan gure iraganak, oraina ulertzen laguntzeaz landa, etorkizunean egin genezakeena baldintzatzen jarraitzen badu.
Eta, hala ere, zerbait aldatu da azken hilabete honetan. Ezker abertzalearen barruan (errealitatea desitxuratzen duen beste izen bat) nahasmena aitortu da, nahiz eta nahasmen hori atentatuak berak baino areago hiltzaileen komunikatuak eragin bide duen. Ez dakit zenbat denbora beharko duten harriduratik gaitzespenera dagoen jauzi etikoa eman ahal izateko.
Gertatu diren aldaketa guztiak ez dira itxaropena sustatzeko modukoak. ETAk bide islamiarrari ekin dio, iraganean ohikoak ziren iragarpenei uko eginez. Horrekin batera, Patxi Zabaletaren hitzetan, su-etenaren egiantza betiko deuseztu dute. Bestalde, Espainiako alderdi nagusien arteko diferentziak, terrorismoaren aurkako borrokari dagokionez, sekula baino handiagoak dira eta horrek kalte besterik ezin diezaioke egin demokraziari. Presidente orojakile eta isil baten misterioa egun batetik bestera desagertu da; erantzun irmo eta garden bat emateko gauza ere ez da izan. Etorkizunera begira, badirudi hainbat arazotan oraina iragana baino ahulago aurkezten zaigula.
Bien bitartean, elkarrizketa amaigabearen aldarrikatzaileek (dialogoa hitz totemiko bilakatu duten horiek) ez dute argitu zertarako eta norekin izan behar den solasaldia. Ezagutzen duguna ezagututa, elkarrizketa norberaren helburuak inposatzeko tresna bezala (hau da, aitzakia metodologiko bezala) ulertzeak iraganaren usain nabarmena dauka.
Baina iraganak, aitzitik, etorkizun bakar bat izan beharko luke: historiaren zurrunbiloetan barrena galtzea betiko. Horretarako ideologia jakin batek du erantzukizun nagusia. Eta badirudi ezbehar guztien (batez ere barnekoen) kontra bide hori egiten saiatzen ari dela Imaz eta bere inguruko jendea. Indarkeriarekin bukatzeko proiektu baztertzaileekin ere bukatu behar baita. Azken finean, Eduardo Madinak ezin hobekiago adierazi duen bezala, bere amesgaizto baztertzailean irudikatutako gizartean tokirik ez duten biztanleak akatzen baititu ETAk. Eta hilketak burutzeko bere armetako bat, ez azkena, erlijio bihurtutako bere egitasmo politikoa da: polis-aren garbiketa ideologikoa.
Geroa bermatu nahi badugu, iraganak ezin du etorkizunik izan.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.