Poemak mihisean
Castillo Suarezen olerkietan oinarritutako ilustrazioak jarri dituzte ikusgari Altsasun
Castillo Suarezen (Altsasu, Nafarroa, 1976) literaturari malenkonia eta ironia darizkio. "Bonba bat daukat ene bihotzean / eta segituan eztanda egingo du. / Ez zaitez badaezpada ondoan jar / bihotz puskaren batek harrapatuko zaitu bestela". Bertso horrekin abiatzen da 2000ean argitaratu zuen Mugarri estaliak poesia bilduma, hirugarrena idazlearen ibilbidean eta gerora sendotuko zuen estiloaren oinarriak erakusten dituena. "Garai horretan helburua zen estilo propioa sortzea", aitortzen du zazpi urte geroago liburu hartako poemak gogoan.
Idazlea hastapenetako lerro haietara itzuli da orain, liburuko poemetan oinarritutako ilustrazio bilduma erakusten ari baitira egunotan Altsasuko (Nafarroa) Iortia Kultur Gunean. Koldo Arnantz marrazkigileak egin ditu bere poesiaren espiritua jasotzen duten irudiak, artearen bi adarren arteko zubia eratu nahi duen proiektuan. Bi artegileen arteko lankidetza berez sortu zen, Mugarri estaliak-eko poemak irakurtzen ari zela horiek mihisean islatzea erabaki baitzuen Arnantzek.
Bidaia artistikoa
"Olerki batetik irudietara pasatu nintzen. Hortik hasi nintzen eta hortxe hasi zen proiektua. Olerki batetik bidaia artistikoa egin nuela esan daiteke", dio artegileak. Bidaia horretan kolore indartsuak, biziak, erabili zituen objektuen eta pertsonen formak desitxuratzen dituzten trazu sendoekin, olerkariak sortutako hitzen sendotasuna irudikatu nahian. "Bere literatura indartsua iruditzen zait", azaltzen du, "olerkiak nahiko indartsuak, biziak, iruditu zitzaizkidan eta hori kolore horien bidez adierazi nituen". "Lau hitzetan gauza asko adierazten ditu, bai pertsonaren alde onak eta bai bortitzak. Nik, aldiz, askozaz errazago adierazten dut sentitzen dudana pinturaren bidez hitzaren bidez baino".
Hala, olerki bakoitzari ilustrazio bat egokitu zaio, aldez aurretik mugarik izan ez duen sorkuntza-prozesuan. "Koldok askatasun osoa izan du irudiak sortzeko. Nik ez dut inolako zerikusirik izan, erabat interpretazio librea izan baitu", argitzen du idazleak.
Hala ere, erakusketa aretoko hormetan ikusten duena "identifikatuta" sentitzen dela onartzen du idazleak. "Batzuetan bortitzak egiten zaizkit irudiak. Nik uste dut oso ondo jaso duela hitzen espiritua", azaltzen du. "Oro har, sentsazioa oso bortitza da. Oraingo tonua askozaz leunagoa dela uste dut".
Horrela, esperimentatzeko beste bide bat ireki dute bi artistek, euskarazko literaturan ez baitago hau bezalako saio askorik. Erakusketaren inaugurazio-ekitaldian, gainera, liburuan oinarritutako doinuak entzuteko aukera izan zen, Juan Miguel Arzelus musikariak propio sortutako musikaren bidez. Muntaia hori beste leku batzuetara eramateko eskaintzak jaso ditu idazleak, eta baliteke uda ondoren asmo horiek gauzatzea. "Orain pixka bat aztertu beharko dugu, baina badirudi interesa dagoela. Ikasturte berrirako izango da ziur asko", dio Suarezek. Oraingoz, erakusketa hilaren 27ra arte izango da ikusgai.
Suarezek zazpi poesia-bilduma kaleratu ditu orain arte. Horietako lehena, Amodio galduak izenburukoa, Iru?eko Udalaren babesarekin argitaratu zuten, beste hainbat egile gazteren biltzen zituen argitalpen kolektibo batean. Geroztik bere poesiaren estiloa zorrozten eta fintzen aritu da etengabe. Bide horretan mugarri izan zen, hain zuzen ere, erakusketa hau egiteko bidea eman zuen lana. "Azken finean, esperimentu moduko bat izan zen", aitortzen du egileak. Maitasunaren eta giza izaeraren inguruko galderez josietako lerroetan, mikaztasuna eta ironia uztartzen ditu egileak. Berak honelaxe deskribatzen du bere idazkeraren tonua: "Antilirikoa, ironikoa, mikatza...lirismoaren kontrakoa. Nolabait, korrontez kontra ari naizela uste dut. Kontrapoesia egiten dut". "Nire izaerarekin zerikusi handia daukala uste dut. Oso nireak dira. Oso gardena naiz alde horretatik", gaineratu du.
Horien ondoren, Madarikazioa (2003), Spam poemak (2004) eta Bala hutsak (2006) argitaratu ditu idazleak. Hiru lan horietan finkatu egin ditu hasierako lanetan erakutsitako literatura-moldeak. Oraingoz idazleak ez du narratiban saiatzeko asmorik, askozaz egokiagoa iruditzen baitzaio olerkigintza bere burua adierazteko. "Niri bat-batekotasuna gustatzen zait".
Ez-tokietan barrena
Bere ibilbideko zortzigarrena izango den liburuan lanean ari da jada Castillo Suarez. Bidegurutzeak izenburutzat duen proiektuak Joseba Jaka literatur beken babesa jaso du aurtengo edizioan poesiaren atalean, Xabier Bordaren Zutabe eraitsiak-ekin batera. Liburu horretan "ez-tokiak" hartuko ditu idazteko gaia idazleak. "Ondasunak eta pertsonak garraiatzeko bideak, garraiabideak beraiek, aireportuak, hotel-kate handiak, zentro komertzialak", horiek guztiak sartzen ditu egileak kategoria horretan. Horrez gain, "horiei kontrajartzen zaizkienak, espazio debekatuak" txertatuko ditu liburuan. "Hori guztia bat dator nire orain arteko poesiarekin", dio egileak aukeratutako gaien originaltasuna aipatzen zaionean.
Joseba Jaka bekaren irabazleak urtebeteko epea du lehiaketara aurkeztutako proiektua garatzeko. Aurreko edizioetan, beste idazle batzuen artean, Harkaitz Canok eta Anjel Errok eskuratu dute.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.