Ipuinak, idazleak eta bildumak
Egile gazteak edo jada ezagunak direnen lanak ezagutzeko aukera ematen dute ipuin bildumek
Ipuin bilduma bat osatzeko asmoari ekitean, lehenik eta behin, bilduma horren ipuinek elkarren artean loturarik izango ote dutenentz erabaki behar da. Egitasmoak idazle jakin baten ipuinak soilik jasotzen baditu, idazlea bera izango da -edo argitaratzailea zenbait kasutan- narrazioak euren artean uztartu nahi dituenentz erabakiko duena. Baina, egitasmoa zenbait idazleren ipuinak biltzea bada? Idazle ezberdinen lanez atonduriko liburuak jada aurretik argitara eman diren ipuinak -irakurleentzat ezagunak izan daitezkeenak-, zein inoiz argitara eman ez direnak bil ditzake. Azken hauek izango ditugu hizpide gaurko txoko honetan, izan ere, literatur komunikazioan idazle ezberdinen lanak elkarrekin aurkezteko egitasmoak ipuin horien idazketan nahiz harreran eraginik baduela uste baietako bilduma ugari argitaratu zirenez, interesgarria izan daiteke honen inguruko hausnarketatxoari ekitea; luze joko lukeen gogoeta baten proposamena besterik ez dena.
Bero hezeak
Hainbat idazleren lanekin osaturiko bilduma asmo eta norabide zeharo ezberdinez buru daiteke. Batzuetan, ipuin bilduma gutxitan jorratu den gai bati heltzeko aitzakia dira: horixe dugu, bada, berriki argitara eman den Bero hezeak liburuaren ildoa. Bertan, Basauriko Euskarabila Elkarteak 1996. urtetik aurrera antolaturiko ipuin erotikoen lehiaketara aurkezturiko hainbat ipuin bildu dituzte. Besteak beste, asmo honi jarraikitzen zaie bai ekologismoaren haritik osatu zen Ipuin berdeak bilduma, bai alkohola gaitzat erabiliz iaz argitaratu zen Puntu eta koma etilikoak bilduma. Beste batzuetan, literatur sistemaren kanonizazioan bideak zabaltzeko zailtasunak dituzten idazle multzo jakin batzuen aldarrikapenerako erabiltzen dira ipuin sortak. Literatur sistemaren kanonizazioan -euskara batuaren garapenaren ildotik- Gipuzkoak duen lehentasunaren aldean, gainerako herrialdeak bigarren maila batean geratu dira. Horregatik, bada, Iparraldeko idazleek 2000. urteko Herri Urratsaren ospakizuna aitzakiatzat hartuz, Iparraldeko hamaika idazleren narrazioak biltzea erabaki zuten. Hortaz, bertako literatur sorkuntzaren aldarrikapenarekin batera, euren kutsuko euskara landu zuten.
Bilbao. Ipuin biltegia bilduman ere antzerako joera dakusagu. Bilduma hau hiriaren 700. urteurrenaren ospakizunaren barnean koka dezakegu. Bertan, Bilbo hiriarekin nolabaiteko lotura, geografikoa, biografikoa nahiz sorkuntzazkoa duten idazleen narrazioak bildu dira. Haatik, bere asmoa Bizkaiko idazleen hedapena izan ez bada ere, emaitzetan (eta Jon Kortazar koordinatzaileak eskainiriko hitzaurrean bertan) Bilboren inguruan koka daitezkeen idazleak ezagutarazteko gogoa antzematen da. Bestetik, jada orri hauetan aipatu genuen Gutiziak bilduman euskal emakume idazleen lanen bilketa bat eskaintzen da. Idazle gazteei ere, kanonizazioaren bilakaeran arreta gutxi eskaini zaie. Berauei ateak irekitzeko erronkari eutsi dio 1986. urtetik gaurdaino Urruzuno Literatur Lehiaketak. Debako Udaleko Tene lehiaketak ere gazteentzako sari berezia du.
Orain arte, bilduma hauen asmoez mintzatu gara. Baina, nola eragiten dute asmo horiek ipuinen idazketa eta irakurketan? Idazleak asmo jakin batekin osaturiko bilduma baterako ipuin bat idatzi behar duela gogoan izateak, hein batean bere sorkuntza baldintzatzea dakar. Zenbaitetan, jada gaia ezarri egingo zaio; beste batzuetan, narrazioa non lekutu; eta beste batzuetan, identitate baten barne kokatuz, berau aldarrikatzeko saioa eskatuko zaio. Eskaera hauek batzuetan ez dira esplizituki egingo, baina egitasmoaren nondik norakoak bideraturikoak izango dira. Zernahi gisaz, are interesgarriagoa da bilduma mota hauek irakurketa bideratzeko dituzten ezaugarri bereziak. Alta, bilduma hauetan irakurleak egilearengan jarri behar duen arreta nolabait neurturik ematen dela esan genezake. Hau da, zenbait ipuin bildumatan, idazleen inguruan ezer gutxi dakigu, eta haien izena soilik eskaintzen zaigu. Hori dakusagu ondorengo bildumetan: Geroa oraino?, Urruzuno literatur lehiaketa 2000, Puntu eta koma etilikoak. Honela, hainbat idazleren ipuinen artean, idazlearen irudia bera lausoturik igaroko zaigu, eta arreta narrazioari eskainiko diogu. Beraz, egilearen irudia eratzea zaila da, beroni garrantzia berezirik ez baitzaio eskaintzen, eta testuak berak arreta bereganatuz. Halere, bilduma batzuetan, idazle ezberdinen ipuinak aurkeztean idazlearen irudia bigarren mailan igarotzeko dagoen arriskua ikusirik, bilduman idazle bakoitzaren inguruko informazioa eskaintzen zaigu.
Arreta piztu
Gainera, idazlearenganako arreta pizteko deia mailakatua da bilduma bakoitzean. Gutiziak liburuan, esaterako, ipuin hasieran txertaturiko argazkien bidez egiten digu dei hori -bilduma bukaeran ere idazleen inguruko hainbat datu eskaintzen zaizkigu-. Hartara, emakumearen literatur sorkuntza helarazi eta zabaldu nahirik, sorkuntza bera, etengabeko idazle irudiez blaiturik agertzen dira. Bilbao. Ipuin biltegian, bilduma amaieran soilik eskaintzen zaigu idazle bakoitzaren zenbait datu; Tene lehiaketa 2000 argitarapenean, ipuinaren izenburua eta testuaren artean, idazlearen zenbait informazio tartekatzen dira.
Laburbilduz, bilduma hauetan egilearen irudiaren inguruan irizpide ezberdinak erabiltzen dira, hartara, literatur komunikazioan egilearen -hots, igorlearen- irudiari leku ezberdina eskainiz.
Bero hezeak, egile beroak
Argitaratu berri den Bero hezeak bilduman, jada ibilbide jakin bat zedarritu duten idazleekin batera (Xabier Mendiguren eta Gerardo Markuleta, adibidez), egun pixkanaka-pixkanaka ibilbidea zedarriztatuz doazenak ere aurkezten zaizkigu. Beren burua ezagutarazteko bideari ekin dioten idazle berri hauen artean, zenbaitzuek dagoeneko liburu bat dute kalean (Julen Gabiria, Igor Estankona, Xabier Etxebarria eta Fernando Morillo), nahiz eta kasu gehienetan liburua lehiaketa hauetara aurkeztu ondorengo urteetan argitaratu duten. Badira, halaber, oraindik libururik argitaratu ez dutenak, baina, hainbat saritara aurkeztu izanagatik euskal literaturaren eremuan euren lekutxoa egiten saiatuz dabiltzanak. Haatik, batzuetan zaila da idazle berri hauek bilduma batean euren sorkuntza lan bat argitaratu izanagatik irakurleen artean izango duten isla neurtzea. Izan ere, liburu mota hauetan bi muturren arteko norgehiagoka etengabea dago: batetik, bilduma bat aurkezten zaigunez, osotasun horretan ipuin jakinen idazleen izen eta irudiak oharkabean igarotzen zaizkigu. Idazle ezagunen izenen ondoan hain ezagunagoak ez direnak aurkeztean, idazle berriei ezinbesteko zilegitasuna eskaintzen zaie. Nolanahi ere, bildumaren osotasunak idazle bakoitzaren irudia lausotzera eraman gaitzakeenez, eta bertan, sarituriko lanak ez ezik, sarituriko idazleen berri ematea denez, izenburu eta narrazioen artean idazle bakoitzari buruzko hainbat datu topa ditzakegu, idazleen irudiak finkatzeko saioan lagungarri izateko asmoz. Dena den, bada bilduma honetan lau idazlek elkarlanean argitaratu duten ipuina: Zapata berriak. Hartara, ipuin honetan, idazlearen irudia lausoturik agertzea egileen beren egitasmoak ekarri du.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.