"Erakundeak bildu duen ikaragarrizko aberastasuna ezagutarazi behar dugu"
2002ko abendutik Eusko Ikaskuntzako lehendakaria da Javier Retegi Aiastui (Bergara 1937). Hainbat alorretan aritu eta gero bildu zuen jakinduriarekin heldu zen elkarte historiko honetara. Hezkuntzan, industrian, enpresan eta politikan lanean aritu ostean, duela hiru urte hartu zuen erretiroa. Orduantxe hartu zuen bere gain Eusko Ikaskuntza erakunde enblematikoaren lehendakaritza. "Ezin daiteke ezer egin gabe egon", dio lanean jarraitzeko arrazoia azaltzeko.
Galdera. Hainbat alorretan aritu eta gero, orain Eusko Ikaskuntzako lehendakaria zara. Zerk bultzatu zintuen erronka berri hau onartzera?
Erantzuna. Bizitza guztian zehar erronka berriei aurre egiten aritu naiz eta nire ustez, pertsona bat jubilatu arren, ezer egin gabe ezin daiteke egon. Ez indar eta bultzada berdinarekin baina bizitzan ikasirikoa, nire kasuan kudeaketa alorrean, aplikatzen jarraitu behar da. Eskaini zidatenean, lan polita eta aberasgarria zela iruditu zitzaidan eta onartu egin nuen. Aurten hiru urte egingo ditut jada bertan eta oso gustura nabil.
"Ezinbestekoa zen elkartearen espiritua berpiztea, bere ibilbidea definitu eta indarrez bidea jorratzen hasteko berriz ere"
"Garapen iraunkorra jorratzeko hainbat erakundetako 60 lagunez osaturiko taldea abian jarri dugu, 2020rako gai hori landuko duena"
G. Nola aurkitu zenuen elkartea lanean hasi zinenean?
E. Eusko Ikaskuntza erakunde historiko bat da, urteetan zehar zeregin oso garrantzitsua izan duen elkartea eta herri honetako jende ospetsu eta jakintsu ugari bere inguruan biltzeko gaitasuna izan duena. Bere ibilbide historikoa ahaztu gabe, egun apur bat zaharkitua zegoen eta espirituaren berpizte bat nahitaezkoa zen, elkartearen ibilbidea definitu eta indarrez bidea jorratzen hasi behar zuen. Izan ere, gaur egungo euskal gizartearen egoerak ez du garai batekoarekin zer ikusirik. Hala, Eusko Ikaskuntzak bere bidea eta zeregina bilatu behar zuen gizarte honetan eta nire aburuz, bidea definitu du dagoeneko eta ibilbide horri ekiteko tresnak abian jarri ditu; orain denbora behar dugu bidea finkatu eta egiten ari garen lanaren fruituak jasotzeko.
G. Nola deskribatuko zenituzke elkartearen bidea eta zeregina gizartean?
E. Elkartearen zeregina hasieratik izan duena mantentzea da, hots, herriko pertsonarik jakintsuenak bildu eta hausnarketa sakonak bultzatu gure gizartean etorkizunean izan daitezkeen gabeziei buruz. Beraz, gizartea behatzea, etorkizunean sor daitezkeen arazoei buruz gogoeta egotea eta gizartea zein aldaketaren aurrean dagoen kontzientziatzea da gure lana.
G. Eginkizun garrantzitsu hau burutzeko behar bezala txertatua dago Eusko Ikaskuntza bere lan eremua den gizartean?
E. Elkartea ez da oso ezaguna. Historian zehar burutu duen lanarengatik ospetsua eta maitatua da baina egun egiten duen zereginak ez du behar bezalako oihartzunik. Alor horretan, Aranzadi, Eresbil nahiz beste erakunde batzuekin lankidetza hitzarmenak sinatu ditugu, guztion jakinduria ezagutzera emateko. Gurean bezala, beste hainbat elkartetan urtetan egindako lanaren jakinduria dago baina oso jende gutxik ezagutzen du. Beraz, guzti hori kaleratu beharra dago eta denon artean fundazio bat sortu beharko genuke barruan dugun altxor aberats hau gizartearen esku jartzeko.
G. Epe laburrean zeintzuk dira Eusko Ikaskuntzaren erronka nagusiak?
E. Dagoeneko Ospe Batzordea martxan jarri dugu; goi mailako jendeak osatzen duen batzordea da eta arlo sozialean hainbat gairi buruz hausnarketa sakon bat egiteko biltzen da. Nik talde honetatik asko espero dut. Bestalde, orain martxan jartzen ari den beste talde bat Akademia da, arlo akademikoko eta zientifikoko 20 edo 30 lagun inguru bildu nahi genituzke eta izan daitezkeen hutsuneak aztertzea litzateke bere zeregina. Pentsatzea, ordea, ez da nahikoa, ondorio eta pentsamendu horiek ere jakinarazi eta neurriak hartzeko tresnak martxan jarri behar dira. Hala, diziplina askotariko proiektu bereziak abian jarri ditugu; talde hauek gai konkretu bateko pertsona eta erakunde adituak bilduko dituzte hausnartzeko eta ondorioak gizarteratzeko helburuarekin. Azken finean, gizartearentzat egiten dugu guk lan eta hari helarazi behar diogu gure lana. Garapen iraunkorraren gaia jorratu duen taldea izan da abian jarri dugun lehena eta erakunde ezberdinetako 60 pertsona inguru bildu dira; 2020. urtea muga izanik, gaia lantzen ari dira. Talde honen lana adibide bat da, izan ere, gai ezberdinei buruz arituko diren hiru edo lau talde inguru sortu nahi baikenituzke.
G. Ikerketa eta hausnarketa lanez gain, ikastaroak ere eskaintzen ditu Eusko Ikaskuntzak.
E. Elkartean biltzen den jakinduria guztia kurtsoen bidez eskaintzen dugu, promozio digitalaren bitartez. Gure helburua kurtsoak sarearen bidez mundu guztiari eskaintzea da. Eusko Ikaskuntzak ikaragarrizko aberastasuna du metatua eta jende guztiari ezagutarazi behar zaio.
G. Nolako harreman eta lankidetza dituzue erakundeekin?
G. Madrilgo, Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuen, eta hiru Foru Aldundien laguntza jasotzen dugu, baita Akitaniako gobernuarena ere. Laguntza ez da handia, gure aurrekontuen %25 inguru, baina erakunde guztien errekonozimendua dugula adierazten du horrek.
G. Eusko Ikaskuntza bezalako elkarte batek zer jaso dezake enpresaren kudeaketa alortik?
E. Nire aburuz, hau enpresa bat da, erakunde guztiek euren ikuspegi enpresariala behar baitute. Guztiok izan behar dugu argi gure bidea eta zein neurri hartu behar diren bide hori jorratzeko. Bestalde, kudeaketaren alorrean, enpresan bezala, urteroko gestio plana egin behar da eta helburuak betetzen diren edo ez eta sor daitezkeen hutsuneak ezagutu behar dira. Hau da, gure helburua dirua irabaztea ez bada ere, ekintza gehiago burutzeko bideak ireki behar ditugu.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.