"Ironiak irakurlearen konplizitatea eskatzen du"
Literatura sari batzuk irabazi ondoren, ipuin liburua eman du argitara Imanol Azkue Ibarbiak (Zumaia, 1965). Gaztea baino edadetua den aroan sei ipuinez osaturiko Egunerokoa ez dena plazaratu du Ereinen eskutik. Sei narrazioz osaturik dago ipuin liburu hau. Eguneroko bizitza apurtzen den unea girotzeko asmoz sorturiko ipuinak dira, baina batzuetan komediaren indarrak lerratzen du idazlearen joera.
Galdera. Ipuin liburua argitaratu duzu. Egin zenezake generoaren goraipamenik, mesedez?
Erantzuna. Generoak indartsu jarraitzen du, eta merkatuko eskariaren gorabehera, neu goraipatzen ibili beharrik gabe ere, osasuntsu ikusten dut. Irakurle naizen eta idaztea gustatzen zaidan aldetik, beste generoen aldean bereziki azpimarratuko nuke ipuinen malgutasuna: ipuinak izan daitezke bi lerrokoak edo 40 orrikoak; liburu berean eta orri gutxi batzuetan izugarrizko aldaketak gerta daitezke gai batetik bestera, ikuspuntu batetik bestera, kontaera batetik bestera, baita estilo aldetik ere... Eta hori ipuinak eskaintzen du.
"Ariketa polita izaten da besteen lekuan jartzea, zer pentsatu edo egingo luketen asmatzea"
G. Liburuko sei ipuinek giro desberdinak dituzten arren, badirudi gai nagusi bat dagoela: pertsonaien barnean egunekoak noiz egiten duen krak!, eta bizitza arrunta aldatzen den...
E. Hala da, bai. Lehenago edo geroago, zerbaitek eraginda haustura bat dago, zerbait gertatzen da egunerokoaren katea edo haria hausten duena; zerbait horrek pertsonaiak normaltasunetik kanpo jarri eta horrek desberdin jokatzera behartzen ditu, batzuetan onerako eta beste batzuetan txarrerako.
G. Ipuinotan pertsonaiak nagusiak direla dirudi, edo behintzat pertsonaien gatazka gorpuzten denean osaturiko ipuin erronda osatu duzula ematen du.
E. Liburuaren planteamendua zen hor idatzita neuzkan ipuin batzuk biltzea eta argitaratzea. Ipuin horietako bakoitza, berriz, literatur lehiaketaren batera begira egina da; beraz, elkarren artean ez zegoen, ustez, inolako loturarik, denbora tarte jakin batean idatziak izatea ez bada. Bildutakoan eta aukeratutakoan konturatu gara, ordea, hala dela: pertsonaiak nagusiak dira, bakoitzak bere gatazka bizi duela, eta horrek markatzen du dena.
G. Dena dela, badirudi ipuin batzuk gaurko garaian erroturik daudela eta, haien ondoan, ipuin historiko bi kontatzen dira. Zergatik hain historia desberdinak kontatu dituzu, gerra garaikoa eta legenda?
E. Egia da bi horiek hautsi egiten dutela homogeneotasuna eta bestelakoak direla, baina horiek ere nireak dira, eta argitaratu nahi nituen. Bi ipuin horien abiapuntua oso desberdina da, baina biak ere inguruan gertatutakoetan oinarrituta. Gerra garaikoa, Egunerokoa ez den buelta, benetan gertatua da, niregandik hurbil, gainera, eta istorioa, berez, nahikoa definituta etorri zitzaidan, ez nuen irudimen ariketa handirik egin behar izan, askotan errealitatea bera baita istorio iturri oparoena. Legendarena (Caly edota oroitzapenak), berriz, garai bateko lilurak sortua da. Bada Sarrionandiaren ipuin bat, Arima naufrago bakartiak, garai hartan erabat txundituta utzi ninduena, eta nire txikitasunean antzekoren bat idaztea amets egiten nuen; garai hartan, Zumaiako kirol portua egiteko lanetan hasiak ziren, draga zebilen ibaian gora eta behera, eta horrek argumentuaren haria eman zidan.
G. Gai nagusia da bikoteen artean sortzen den komunikazio falta...
E. Komunikazio falta, bai, eta horrekin batera etsipena edo ezintasuna ere badela esango nuke, neurri batean. Egoerari aurre egin beharrean, horretaz hitz egin eta elkarrekin konponbidea aurkitzen saiatu beharrean, pertsonaia batzuek etsi egiten dute, egoerara egokitu, agoantatu ahal duten bitartean, eta ohitu ere egiten dira gatazka horrekin bizitzen. Batzuetan, ordea, oso erabaki drastikoak dabilzkite buruan, eta gauzatu ere, gauzatzen dituzte...
G. Dena dela, gai nagusi horri komediaren joera eman diozu, nire ustetan tragedia erabili ordez, sarkasmoarena ez aipatzearren, ironia balio nagusia da zure idazkeran?
E. Ez bakarrik ipuin hauetan, gainerako idatzietan ere saiatzen naiz umore puntua ematen, baita gai serioak edo arantzatsuetan ere, eta horretarako baliabideetako bat ironia da. Ironiak betiere eskatzen du irakurlearen konplizitatea, paper aktiboa, idatzita dagoenetik urrutirago joan eta benetan zer adierazi nahi zen asmatzea, eta jolas moduan planteatzen dut askotan, horrek dakarren arriskuarekin, batzuetan duda sortzen baita ea irakurleak ulertuko duen benetan esan nahi nuena.
G. Emakumea pertsonaia gisa... Emakumearen kontzientziaren barneratzeko ahaleginetan ikusten dut zure kontaera...
E. Batzuetan oso gertuko gauzen gainean idazten dugu, gure inguruko hurbilekoari buruz; beste batzuetan, berriz, oso ariketa kilikagarria da gauza ezezagunez, oso urrunekoez aritzea, irudimena astinduta. Ariketa polita izaten da besteen lekuan jarri eta horiek bezala jokatzea, zer pentsatzen duen edo zer egingo lukeen asmatzea. Emakumearen kasuan ere antzeko zerbait gertatzen da. Askotan, egoera beraren aurrean oso desberdin jokatzen dugu gizonok eta emakumeok, sentsibilitatea edo ikuspuntua ere zeharo desberdina da, eta oso erakargarria egiten zait ni ez naizen horretan sartzea edo arakatzea. Ez da erraza, ordea.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.