"Zorion betean bizi denak ez du idazteko beharrik sentituko"
Ipuina, aforismoak, zutabegintza, eleberria, saiakera eta poesia. Genero horiek guztiak landu ditu Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962) azken hamabost urteotan, eta euskal literaturako idazlerik emankorrenetakoa izateaz gain, bitxienetakoa ere badugu. Bere lan berriarekin, Denbora aleak liburuarekin, poesiara bueltatu da, bere izaerak eskatzen dion eremura.
Galdera. Idazlea eta liburutegiko arduraduna zara. Zaletasuntzat duzu ofiziotzat nahiko zenukeena?
Erantzuna. Liburuzain dut ofizio, eta literatura zaletasun. Eta ofizioa utzi nahi nuke, zaletasunari heltzeko, baina ez ofizio gisa ere.
G. 1991tik genero klasiko guztiak jorratu dituzu. Non ikusten duzu zeure burua erosoen?
E. Distantzia motza dut gustuko: poesia, haikua, ipuin laburra, aforismoa... Baina horrek ez du esan nahi, inondik ere, genero horietan eroso sentitzen naizenik. Gehienez ere, ez hain deseroso.
"Niretzat idaztea arnas hartzea bezain garrantzitsua da. Sendatu egiten nau, orekatu, gizarteratu; zentzua ematen dio nire bizitzari"
G. Urte asko dira argitaratzen hasi zinela, eta emankorra izan da zure bidea. Zein hausnarketa eragiten dizu zure ibilbideak?
E. Literaturak gogor heldu nauela, eta jada ezingo dudala bera gabe bizi. Eta emankortasunarena nire izaeraren ondorio zuzena da, jakina: ezin dut egun bat bera ere pasatu zerbait idatzi gabe.
G. Behin esan zenuen idaztea "bizitzeko arrazoi handia" dela zuretzat...
E. Niretzat arnas hartzea bezain garrantzitsua da. Idazteak sendatu egiten nau, orekatu, gizarteratu, zentzu bat ematen dio nire bizitzari; eta, jakina, horrekin batera, balantzaren beste aldean, nekea, urduritasuna, sofrikarioa dago. Idazlea, niretzat, kondenatu bat da.
G. Beste gauza batzuetarako astia ostuko dizu.
E. Niri idazteak ez dit ezertarako astirik kentzen. Lanak kentzen dit niri idazteko, bizitzeko, senitartean egoteko astia. Horrexegatik da lana beste kondena bat, kondenarik latzena.
G. Egilea berdina den arren, esan liteke poesia "positiboa" egiten duzula, eta narratiban, aldiz, ezkorrago azaltzen zara. Kontraesana?
E. Kontraesanak beti dira osasuntsuak, eta batez ere osagarriak. Neuk, askotan, Hirutasun Santuaren antzera ikusten dut neure burua: narratzaile, poeta eta gizaki. Hiruak bizi ditut neure barruan, eta hiruek ematen didate zer pentsatua, mundu ikuskera desberdin bat. Nik uste dut idazle, artista, aktore eta halakook berdintsuak garela multi-izaeraren zer honetan. Horrenbeste ahots barnean izatea aberasgarria da, baina nekosoa eta arriskutsua ere bai. Horregatik utzi behar zaie mintzatzen, adierazten dutena kontrajarria bada ere.
G. Bakardadearen poeta zarela idatzi izan du Koldo Izagirrek. Poztasuna baino emankorragoa da iturri hori?
E. Konforme nago Izagirrek esaten duenarekin, baina ez kontent. Alegia, batek ez du hautatzen ze poeta klase izanen den, poesiak hautatzen du poeta. Nik arazoak ditut munduarekin harremanetan jartzeko, eta horrek guztiak ezinegona, tristezia, urruntasuna sortzen dizkit, eta barrenetik kanpora begira jartzen naiz, kontenplazio melankolikoan, mundua ulertu nahian... Jakina, nire izaera, uste dut, oso emana da poesiarako; zorion betean bizi denak ez du inoiz idazteko beharrik sentituko.
G. Fantasiara jo izan duzu ia beti. Ihesbidea edo errealitatea bera ulertzeko beste bide bat?
E. Errealitateari begiratzeko beste modu bat. Zuzenean ezin, eta zeharbidea aukeratzen da. Gainera, beste arrazoi bat ere badago: Anderson Imbert zoragarriak esaten zuen literatura fantastikoa zuzen-zuzenean umorearekin lotu beharra dagoela, eta ni ados nago.
G. Umoreari ere eragiten diozu, bai, baina zuk ez duzu erabiltzen karkara sortzeko.
E. Lehenengo neure buruaz barre egiteko erabiltzen dut. Umoreak berdindu egiten gaitu. Biluzik jartzen ditu gure ttikikeria eta lotsaizunak, eta gizakion patu tragikoa eramaten laguntzen du. Baina umorea ez dago edonoren esku; entrenamendu handiak eskatzen ditu.
G. Euskal literaturaren egoerak kezkatzen zaitu?
E. Nik euskal literatura, euskarazkoa eta gaztelaniazkoa, ongi ikusten ditut. Euskarazkoa, batik bat, inoiz ez bezala. Idazle on gutti dago, baina kalitate handia dute. Polikiago idazten da orain, presiorik gabe. Akaso, euskal idazleak orain badakielako noraino irits daitekeen. Ez dudana hain ongi ikusten literaturaren (ororen) etorkizuna da. Oso arerio latza begitantzen zait Internet.
G. Denbora aleak liburuan gai traszendetalak jorratu dituzu.Gaur egun, zerk kezkatzen zaitu gehien?
E. Labur esateko, hiru gauza dira gehien kezkatzen nautenak: niri dagokidanez, sofrimenduak eta denboraren iragateak; eta gizarteari dagokionean, iritsi dugun injustizia mailak.
Tu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo
?Quieres a?adir otro usuario a tu suscripci¨®n?
Si contin¨²as leyendo en este dispositivo, no se podr¨¢ leer en el otro.
FlechaTu suscripci¨®n se est¨¢ usando en otro dispositivo y solo puedes acceder a EL PA?S desde un dispositivo a la vez.
Si quieres compartir tu cuenta, cambia tu suscripci¨®n a la modalidad Premium, as¨ª podr¨¢s a?adir otro usuario. Cada uno acceder¨¢ con su propia cuenta de email, lo que os permitir¨¢ personalizar vuestra experiencia en EL PA?S.
En el caso de no saber qui¨¦n est¨¢ usando tu cuenta, te recomendamos cambiar tu contrase?a aqu¨ª.
Si decides continuar compartiendo tu cuenta, este mensaje se mostrar¨¢ en tu dispositivo y en el de la otra persona que est¨¢ usando tu cuenta de forma indefinida, afectando a tu experiencia de lectura. Puedes consultar aqu¨ª los t¨¦rminos y condiciones de la suscripci¨®n digital.